Politika -
Hauteskundeak Katalunian
PSCren porrota datozen bozetara estrapolatzea kritikatu du Aresek
Herrizaingo sailburuak uste du paralelismo bat egin nahi duenak "ziurrenik, desirak errealitatearekin nahasten" dituela.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du sozialistek Kataluniako hauteskundeetan izan duten porrota datozen hauteskundeekin, bai orokorrekin bai EAEkoekin, alderatzen dituenak "ziurrenik, desirak errealitatearekin nahasten" dituela.
Prentsaurreko batean Aresek azaldu duenez, "PSCk atzoko hauteskundeak galdu zituen eta emaitza txarra lortu zuen" CiUren aurrean, "hauteskundeak irabazi baitzituen".
Hala ere, Herrizaingo sailburuak "Montillaren jarrera arduratsua" baloratu du, izan ere, "baztertu egin du berriro hauteskundeetako hautagai izatea eta PSCren idazkari nagusirako hautagai izatea".
Aresen esanetan, Kataluniako hauteskundeak "momentu zehatz batean" izan dira eta "Katalunia berezia da", beraz, emaitzak datozen hauteskunde orokorretara edo EAEkoetara "estrapolatzen" dituenak "ziurrenik, desirak errealitatearekin nahasten ditu".
Eusko Jaurlaritzako agintariaren esanetan, PSCk "lanean hasi behar du datozen udal-hauteskundeetan herritarren babesa berreskuratzeko".