Politika -
Kataluniako hauteskundeak 2010
CiUk aise irabazi du eta gehiengo osotik gertu geratu da
- Nazionalistek mendean hartu dute hirukoa, eta eroso gobernatuko dute.
- PSCk eta ERCk porrot mingarria izan dute.
- PP, hirugarren indarra.
- Laportak ezustekoa eman du, lau eserleku lortuta.
Erredakzioa
CiU hauteskundeen alderdi garailea da 62 eserlekurekin, botoen %100 zenbatuta. Gehiengo osotik sei eserlekura geratu da Artur Masen alderdia. Ondoren PSC geratu da 28 eserleku eta behera nabarmen eginda, zortzi eserleku galdu ditu Montillaren alderdiak.
Artur Mas CiUk Generalitaterako aurkeztutako hautagaiak "apaltasunez" hartu du garaipena, gainontzeko alderdi politikoei eskua luzatuz eta herri osoari Katalunia "altxatzeko" dei zuzena eginez.
22:50ak jota, Mas Bartzelonako Majestic hoteleko suita utzi du eta beheko solairuko aretoan agertu da, alderdikideek "Mas president" oihukatzen zuten bitartean.
Joseph Antoni Duran Lleida CiUko idazkari nagusia, Jordi Pujol presidente ohia eta bere alderdiko beste hainbat agintari ondoan zituela, Helena Rakosnik emaztearekin batera, Masek leen adierazpenak egin ditu: "Katalunia denon artea altxatu behar dugu. ''Govern'' indartsua izango dugu, baina horren ondoan, eta ez atzean, herri osoa behar dugu, indar eta gogo guztiekin".
PSCren porrotak Montilla aurretik eraman du
PSCk historiako zigorrik handiena jaso du igandeko hauteskundeetan. Horrek lehen ondorio zuzena izan du: Montillak ez du idazkari nagusi izaten jarraituko eta PSCren hurrengo kongresuan bere burua aurkezteari uko egingo diola iragarri du.
Montillak alderdikide sozialistak ondoan izan ditu eta igandeko emaitzek sozialistengan gogoeta bultzatu behar dutela adierazi du, eta ez hori bakarrik, gogoeta prozesu horren barruan "egitura aldaketak" eta "proiektu politiko berritua" ekarri behar ditu "nostalgiak eta inertziak alde batera utzita".
Gainontzeko alderdien emaitzak
Kataluniako PPk 18 eserleku lortu ditu, 2006an baino lau gehiago. ICV-EuiAk 10 eserleku eta eta ERCk beste 10. Puigcercosen alderdiak zigor handia jaso du: 11 eserleku galdu ditu.
Ciutadansek, berriz, 2006ko hiru parlamentariak mantendu ditu eta Joan Laportaren Solidaritat per la Independenciak, berriz, jardunaldiko ezustea eman du lau eserleku lortuta.
Parte hartzea % 59,9koa izan da, 2006koa baino ia lau puntu altuagoa (orduan % 56,04koa izan zen).