Politika -
Elkarrizketa ETBn
Barreda: 'Batasunak sortutako alderdiek ETAri lotuta jarraituko dute'
Euskadiko PPren bozeramaileak kritikatu du ezker abertzaleak "etxeko lanak egin barik" erroldatu nahi duela alderdi berria.
Erredakzioa
Leopoldo Barreda PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ziurtatu du "Batasunaren bermeekin" sortzen den alderdi orok "ETAri lotuta" jarraituko duela, "Batasunak ez baitu inoiz harremana hautsi ETArekin".
Ezker abertzaleak Alderdien Legearen baldintzak "beteko" dituen eta indarkeria "errefusatu" egingo duen "proiektu politiko" berria erroldatuko du aurki, larunbatean iragarri zuenez.
Hori horrela, ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketan, Barredak adierazi du Batasunekoek ez dutela ETA gaitzetsi, ez diotela aurre egin estortsioari eta ez dituztela babestu terrorismoaren biktimak.
Horrenbestez, PPko bozeramaileak kritikatu du ezker abertzaleak "etxeko lanak egin barik" aurkeztuko duela alderdi berria.
Halaber, terrorismoaren amaiera "ordain politikorik eman gabe" eta ETAk "helburuak" bete gabe etorri beharko dela iritzi dio.