Politika -

Altsasuko auziaren epaiketa

Fiskalak berretsi egin du Altsasuko liskarra ekintza 'terrorista' izan zela

12 eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat. Bigarren idatzi bat ere aurkeztu du, epaimahaiak terrorismoa izan ez zela ebatziko balu, 6 eta 20 urte arteko zigorrak eskatuz.

Altsasuko gazteen epaiketa
Altsasuko gazteen epaiketa
Konklusioen atalean zigorrei eutsi fiskalak

1:33

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auziaren epaiketako fiskalak arabera, 2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatutakoa "ez zen borroka edo liskar bat izan, helburu terroristarekin guardia zibilen kontra egindako erasoa izan zen".

Hala adierazi du Jose Perals fiskalak Auzitegi Nazionalean egiten ari  diren epaiketaren bederatzigarren saioan.

Hori dela eta, zortzi gazteen aurka 12 eta 62 urteko espetxe-zigorrak eskatu ditu, terrorismoa egotzita.

Alabaina, bigarren idatzi bat ere aurkeztu du, epaimahaiak terrorismoa izan ez zela ebatziko balu, 6 eta 20 urte arteko zigorrak eskatuz.

Horrez gain, larrigarri bat gehitu du, bi agenteen bikotekideak "guardia zibilen neskalagun izateagatik" jo zituztela esanez.

Bi ordu eman ditu fiskalak bere ondorioak azaltzen eta "faxismoa", "supremazista abertzaleak" edo "xenofobia" bezalako terminoak erabili ditu Altsasun gau hartan jazo zena deskribatzerakoan.

"Giza izaeraren alderik okerrena da. Horrek eragin zuen joan den mendeko Europan izan zen sarraskirik handiena eta horixe ari gara ikusten orain, XXI. mendean, Espainian, jendea bizilagun batzuk herritik joan daitezela eskatzen; xenofobia, arrazakeria eta faxismoa bere mailarik gorenean da epaiketa honetan ikusi duguna. Horixe defendatzen dute supremazista abertzaleek. Nazionalismo zaharkituak pertsona batzuk kanporatu nahi ditu, egiten duten lana gustatzen ez zaielako eta euren herrian segurtasun indarrik nahi ez dutelako", adierazi du.

Fiskalaren esanetan, ETAk 80eko hamarkadan Alde Hemendik mugimendua sortu zuen, Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik kanporatzeko helburuarekin, eta 2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatu zena "ETAk diseinatutako estrategia horren ondorio" izan zen.

"Epaimahaiak terrorismoa izan ez zela ondorioztatzen badu, 20 urte atzera egingo dugula ulertuko dugu, Segik, Jarraik eta Haikak Euskadiko eta Nafarroako herrietan nahieran ibiltzen ziren garaira, gasolinaren eta kale borrokako neska-mutilek gauzak zirela esaten ziren garaira", erantsi du.

Peralsen arabera, "epaiketan frogatuta geratu da ez zela taberna bateko borroka edo liskar bat izan, baizik eta guardia zibilei eta haien bikotekideei eraso egiteko asmoz aurretik planifikatutako ekintza izan zela".

Fiskalak gaineratu du Ospa bezalako mugimenduek "ETAk zuzendutako intentsitate gutxiko terrorismoaren herentzia" bere gain hartu dutela.

Ildo horretan, Jokin Unamunok eta Adur Ramirezek Ospa Mugimendua bultzatu zutela eta zortzi auzipetuek mugimendu horren ekimenetan parte hartu izan dutela esan du.

Bestalde, Altsasuko alkatearen eta hautetsien jarrera gogor kritikatu du, auzipetuen senideei alboan egoteagatik, "eta ez biktimen ondoan".

Amaitzeko, fiskalak epaimahaiari auzi hau terrorismotzat jotzeko beldurrik izan ez dezala eskatu dio, "horrelako epaiketei esker posible izan delako erakunde terrorista bat desagerraraztea".

Fiskalak ez ezik, gainerako akusazioek ere beren ondorioak aurkeztu dituzte gaurko saioan, hala nola, Estatuko Abokatuak, bi emakumeen abokatuak eta Covite eta AUGC elkarteek. Guztiek eskatu dute zortzi gazteak terrorismoa egotzita zigortzea.

Epaiketak datorren maiatzaren 3an jarraituko du. Egun horretan defentsaren txanda izango da, bere ondorioak aurkeztuko ditu eta akusatu guztiak errugabetzat jotzeko eskatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Epaiketak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Altsasu Gazteak albisteak