Politika -
Altsasu
Altsasuko zortzi gazteen defentsek euren ondorioak azalduko dituzte gaur
Akusatuek azken hitza egiteko eskubidea izango dute. Ondoren, epaiaren zain geratuko da auzia.
Agentziak | Erredakzioa
Dena ondo bidean, Altsasu auzia epaiaren zain geratuko da gaur. Auzitegi Nazionaleko lehen sekzioak 10:00etan ekin dio saioari, eta defentsek euren ondorioak aurkeztuko dituzte. Abokatuek absoluzioa eskatuko dute.
Ondoren, akusatuek azken hitza egiteko eskubidea izango dute. Hori egindakoan, epaiaren zain geratuko da auzia.
Astebeteko geldialdiaren ostean abiatu da epaiketa. Ostegunean euren ondorioak aurkeztu zituzten Fiskaltzak eta herri akusazioak eta akusazio partikularrak, eta 12 eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituzten zortzi gazteentzat. Dena dela, fiskalak bigarren idatzi bat ere aurkeztu zuen, epaimahaiak terrorismoa izan ez zela ebatziko balu, 6 eta 18 urte arteko zigorrak eskatuz.
Defentsen ustez, akusatuek ez zuten 2016ko urriaren 15eko liskarretan parte hartu. Epaiketan zehar lekukoak, adituak eta frogak aurkeztu dituzte. Froga horien artean daude ETBk eman zuen pilota partida baten irudiak (Adur Ramirez de Alda ikus daiteke irudi horietan, soinean kamiseta beltz bat jantzita duela) eta Iñaki Abad akusatuak grabatutakoak (sarjentuaren bertsioa gezurtatzen du).
Defentsak deitutako lekuko gehienek nabarmendu zuten Koxka taberna barruan ez zutela liskarrik ikusi. Horrez gain, bi medikuk azaldu zutenez, guardia zibilek eta euren bikotekideek zituzten lesioak "ez ziren talde eraso batekin bateragarriak".
Fiskaltzaren irudiko, ordea, Altsasun jazotakoa terrorismoa izan zen, eta akusatuei Ospa Mugimenduko kide izatea egotzi zien. "Ospa Alde Hemendik kanpainaren baitan dago, eta ETAk fagozitatu zuen", argudiatu zuen Jose Perals fiskalak.
Peralsen esanetan, urriaren 15eko hura "ez zen borroka edo liskar bat izan, helburu terroristarekin guardia zibilen kontra egindako erasoa baizik".
Adierazpenon aurrean, "bertigoa eta beldurra, beldur handia" sentitzen dutela esan zuen Isabel Pozueta zortzi gazteen familien bozeramaile eta Adur Ramirez de Aldaren amak.
_______________________
eitb.eus zuzenean jarraitzen ari da saioa.