Politika -
Azpeitia
Inaxio Uria hil zutela bi urte bete dira
13:00etan egingo duten elkarretaratzean, senide eta lagunek enpresaburua gogoratuko dute.
Erredakzioa
Inaxio Uriaren senide eta lagunak elkarretaratze isil baten bidez gogoratuko dute enpresaburua gaur eguerdian, Azpeitian, ETAk duela bi urte hil zuen tokian.
Ekitaldia 13:00etan hasiko da, Altuna y Uria enpresaren jabea hil zuten ordu berean, Azpeitia jatetxearen aparkalekuan, bertan tirokatu baitzuten.
Ordubete lehenago, bere omenezko meza egingo dute Loiolako Basilikan, atentatuaren lekutik oso gertu.
Ignacio Uria Mendizabal 71 urte zituela hil zuen ETAk. Altuna y Uria eraikuntza enpresaren jabeetako bat eta bertako kontseilari ordezkaria zen. Konpainia horrek Abiadura Handiko Trenaren lanetan ari zen, ETAk helburu nagusietako bat zituen lanetan, alegia.
Enpresaburua bere etxe ondoan dagoen Kiruri jatetxera zihoan, egunero bezala, tiro bi bota zizkiotenean, bata buruan eta bestea bularrean.