Itxi

2018/05/03

15:54

Politika

ETA-ren amaiera

ETAk bere amaiera iragarri du

EITB.EUS

'ETAk Euskal Herriari, azken adierazpena' izeneko oharrean bere ibilbidearen bukaeraren berri eman du. Bere ibilbide politikoa bukatutzat jo eta egitura guztiak erabat desegin dituela iragarri du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

ETAk bere behin betiko amaiera iragarri du. Erakundeak nazioarteko bitartekariei eman die bere erabakiaren berri Genevan (Suitza), Henri Dunant zentroan, grabatutako euskarri baten bidez.

Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre militante historikoek jarri diote ahotsa 14:00ak pasatxoan zabaldu den adierazpenari.

ETAren azken agiriak hiru puntu nagusi ditu.

Lehenengo puntuan, ETAk bere egitura guztiak erabat desegin dituela dio. Bigarrenean, bere ekinbide politikoa bukatutzat jo duela eta etorkizunean ez dela eragile izango dio.

Hirugarren eta azken puntuan, ostera, ETAko militante izandakoek beste eremu batzuetan, "norberak egoki irizten dion tokian", "Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkalaren aldeko borrokari" jarraituko diotela dio.

Halaber, jaio zen testuingurua ere ekarri du gogora azken komunikatuan: "Frankismoaren atzaparretan itota eta Estatu jakobinoak asimilatuta, Euskal Herria hilzorian zegoela jaio zen ETA, eta orain, 60 urte geroago, bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da, eremu eta arlo ezberdinetan askok egindako lanari esker, belaunaldi ezberdinek egindako borrokari esker".

Azken komunikatuaren arabera, "ETAk ziklo bat itxi nahi du, biolentzia politikoaren erabilerak ezaugarritu duen aroa, hain zuzen ere", (...) "askatasunaren eta bakearen aldeko prozesuak beste bide batetik egin dezan aurrera". Are gehiago, "nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea izango da gakoa".

"Aurrera begira indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea izango da aurrerantzean erronka nagusia, bai gatazkaren ondorioei aurre egiteko bai gatazkaren muin politikoari eta historikoari heltzeko orduan", gaineratu du.

Erakundeak ez dio eragindako minari eta sufrimenduari aipamenik egiten komunikatuan.

"ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da" esanez amaitzen da agiria.

ETAren amaiera baieztatzeko ekitaldia Genevan

David Harland Genevako (Suitza) Henri Dunant  Zentroko zuzendariak egiaztatu du ETAk betirako bukatu duela bere ibilbidea.

"Gaur, maiatzaren 3ko arratsaldeko 14:00etan (12:00 GMT), ETAk existitzeari utzi diola esateko moduan nago. Eta hala jakinarazi diegu ofizialki Espainiako eta Frantziako gobernuei", adierazi du.

Henri Dunant Zentroan egindako ekitaldian lekukoak, tartean Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia, eta zenbait kazetari izan dira.

Fundazioak ETAren azken adierazpena eta erakundeak bere erabakiaren inguruko xehetasunak azaltzen dizkion eskutitza jaso ditu.

Gatazkak konpontzeko bitartekari lanak egiten dituen zentroak ziurtatu du adierazpena nahiz gutuna "ofizialak eta benetakoak" direla.

Gutun horretan ETAk azaltzen du "60 urteko ibilbidea bukatutzat ematea" erabaki duela eta erabaki hori hartzeko hausnarketa prozesuan "ia 3.000 militantek" hartu dutela parte, "modu batean edo bestean", "erdiek soilik bozkatu ahal izan duten arren".

Harlanden hitzetan, "% 93k babestu zuten ETAren jarduera politikoa amaitzea, 2011an jarduera armatua bukatu eta 2017an armagabetze prozesua gauzatu ostean".

ETAren azken adierazpena irakurri ondoren, Harlandek esker on hitzak izan ditu azken hamabost urteotan Euskal Herrian bakea lortzeko lanean aritu diren pertsona, erakunde eta gobernuentzat. Eta, ildo horretan, lau pertsona goraipatu ditu: Jesus Egiguren (PSE-EE), Arnaldo Otegi (Ezker Abertzalea), Iñigo Urkullu lehendakaria (EAJ) eta Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE).

"Orain adiskidetzea lortzeko lan handia dugu aurretik, eta horrek errekonozimendua, errespetua, barkatzea eta indarkeria guztietako biktimak babestea eskatu dugu, baita egia eta justiziarekiko konpromisoa ere", gaineratu.

"Berriro ez dadila gertatu", esan du amaitzeko.

Ekitaldia bukatu aurretik minutu bateko isilunea egin dute ETAren biktimen omenez.

BIDEOA | Henri Dunant Zentroak egiaztatu du ETAren amaiera


 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;