Politika -

INDARKERIA MATXISTA

Gaur abiatuko da Zigor Kodean sexu-delituen erreforma aztertu behar duen batzordea

19 gizon eta 4 emakumek osatuko dute batzordea, eta ikerketa ekainaren 15a baino lehen egin beharko dute.

'La Manada' auziko epaiaren kontrako kontzentrazioa Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
'La Manada' auziko epaiaren kontrako kontzentrazioa Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
'La Manada' auziko epaiaren kontrako kontzentrazioa Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zigor Kodean sexu-delituen erreforma aztertu behar duen batzordeak gaur egingo du lehen bilera. 'La Manada' auziaren epaiaren ostean, Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak ikerketa bat egitea eskatu zuen sexu-eraso eta abusu delituak Zigor Kodean duten tipifikazioari buruz, izan ere, epaileek abusuagatik zigortu zituzten, eta sexu-erasotik absolbitu.

Justizia Ministerioan Batzorde Nagusiko Zigor Zuzenbideko laugarren sekzioa guztira 20 gizonezkok osatzen dute, emakume bakar batek ere ez. Batzordearen osaketak eztabaida handia eragin zuen eta hori dela eta, ministroak behin-behinean bost emakume gehitzea proposatu zuen. Azkenean, 19 gizonek eta 4 emakumek osatuko dute.

Francisco Muñoz Conde Zuzenbide Penaleko katedradun eta batzordeko kide denak dimisioa aurkeztu zuen asteartean, 'La Manada' auziaren epaiaren ostean gizartean sortu den ezinegonaren ostean legea aldatzea "onartezina" dela iritzita.

Aldi berean, Mirentxu Corcoy penalistak uko egin zion batzordean parte-hartzeari, sexu-delituen erreforma aztertzeko, behin-behinean, bertako kide izateko proposamena egin ziotelako. Gauzak horrela, 23 pertsonak parte hartuko dute gaurko bileran: 19 gizonek eta 4 emakumek.

Batzordeko lau emakumeak hauek dira: Blanca Hernandez Oliver, 2011tik 2016ra Genero Indarkeria gaietan Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zena, Gorte Nagusietako abokatu eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea; Carmen Lamarca Perez, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea; Avelina Alonso de Escamilla, San Pablo CEU Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna; eta Victoria Ortega, Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiko presidentea. Ortegak atzo Twitter sarean duen kontuaren bitartez jakinarazi zuenez, gaurko bileran izango da, baina emakumeen presentzia batzordean behin-behinekoa ez izatea eskatu du.

 

 

Gaurkoa bilera askoren artean lehena izango da, eta ikerketa ekainaren 15a baino lehen egin beharko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Tratu txarrak Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur