Politika -

Wikileaks

De Juana 2005ean aske uztea onena zela onartu zuen Barne Ministerioak

De Juanak ezarritako zigorra 2005ean bete zuen, baina iritzi artikulu batzuk idazteagatik mehatxu delitu bat egotzi eta zigor berri bat ezarri zioten. Orduan, euskal presoak gose-greba bat hasi zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Aguirre AEBetako enbaxadore ohiaren aurrean, 2007an, Iñaki de Juana Chaos ETAko kide ohia 2005ean aske uztea hoberena zela onartu zuen Alfredo Perez Rubalcaba orduko Barne ministroak, izan ere, euskal presoak espetxe-zigorra bete zuen egindako hilketengatik. Baina kartzelan idatzitako zenbait artikulurengatik mehatxu delitu bat egotzi eta zigor berri bat ezarri zioten.

Horrela azaltzen da Washingtoneko Estatu-idazkaritzari igorritako agiri sekretu batean, Wikileaks atariak argitaratu duenez. Dokumentu sekretua 2007ko martxoaren 3koa da. Agirian, Perez Rubalcaba eta Aguirreren arteko elkarrizketa bat jazotzen da. Bertan De Juana Chaos ospitalean giltzapeturik mantentzeko erabakia justifikatzen du Gobernuko presidenteordeak, presoak lau hilabeteko gose-greba egin ostean.

Gobernuaren helburua De Juana hiltzea saihestea zela argudiatu zuen Rubalcabak, hori gertatuz gero "ETAko gazteriaren martiria bilakatuko litzatekeelako hamarkadetan zehar".

"Nahiz eta De Juana kasua auzirik garrantzitsuena bihurtu ETAko kideen artean, bandako agintariak ez zuten erakundearen barnean aintzat hartzen, eta askatu izan balute ETAko agintariek albo batera utziko zuketela esan zion ministroak enbaxadoreari", dio agiriak. Are gehiago, Askatasuna behin lortuta De Juana Marokora joatea posible zen, Rubalcabaren hitzetan.

De Juana Madrilgo ospitale batetik Donostiara eramateko Gobernuaren erabakia defendatu du Exekutiboko presidenteordeak, eta baita behin sendatuta etxean giltzapeturik jarraitzeko erabakia ere.

Ez zuen ongi azaldu

Kartzelatik idatzitako artikuluengatik (Gara egunkarian argitaratu ziren) ezarritako zigorra 12 urtetik hirura murriztea erabaki zuen Auzitegi Gorenak. Erabaki hori "polemikoa" izango zela Gobernuak bazekiela onartu zuen Barne ministroak Aguirreren aurrean. Egindako hilketengatik presoak zigorra bete zuela, eta dagoeneko mehatxuen ingurukoa baino falta ez zitzaiola Gobernuak ez zuela egoki azaldu onartu zuen Rubalcabak.

PPko agintariak hiltzea

Era berean, Julian Assangek sortutako atariak azaldu duenez, 2007ko udal-hauteskundeei eta 2008ko hauteskunde orokorrei begira ETAk PP "gidariaren eserlekuan" jartzeko aukera zuela "jakitun" zen Espainiako Gobernua, horretarako alderdi horretako kide bat edo beste hil besterik ez zuen, Aguirreren ahotan.

Jose Couso

Bestalde, Wikileaks atariko beste filtrazio batek gauean argitaratu duenez, Jose Couso kameralaria hiltzeagatik AEBetako hiru soldaduen aurka aurkeztutako karguak apelatzea erabaki zuen Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak eta Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailea "harritu" egin zuen horrek. Couso 2003ko apirilean hil zuten Bagdaden eta informazio sekretu horrek 2007ko maiatzaren 24an du data.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea