Politika -

Auzitegi Nazionala

Gaur hasiko da Iruñeako istiluengatik auzipetutako lau gazteen aurkako epaiketa

Fiskalak zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du 2017ko martxoaren 11n Iruñeko alde zaharrean izandako istiluengatik. Horietako hiru Errenteriakoak dira eta bat Beasaingoa.

Iruñeko istiluen artxiboko argazkia
Iruñeko istiluen artxiboko argazkia
Iruñeko istiluen artxiboko argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak astelehen honetan eta asteazkenean Errenteriako hiru gazte eta Beasaingo bat epaituko ditu terrorismo delitua egotzita. 2017ko martxoaren 11n Iruñeko alde zaharrean gertatutako istiluengatik atxilotu zituzten. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Jose Perals fiskalak egindako idatziaren arabera, desordena publiko terroristak egitea egotzi die Asier P.B., Ruben I.B., Endika E.M. eta Julen P.G. gazteei. Altsasuko kasuko auzipetuak akusatu dituen fiskal bera da.

Lehen hirurak istiluen ostean atxilotu zituzten, "ezker abertzale erradikalak" baimenik gabe antolatutako manifestazio baten ondoren.

Kasuko fiskalaren bertsioa

Peralsen esanetan, parte hartzaileek "Borroka da bide bakarra", "Gora ETA" eta "Euskal presoak" leloak oihukatu zituzten.

Ondoren gaineratu duenez, "zereginak primeran banatuta zituzten hainbat pertsonak" segurtasun indarren aurka ondo antolatutako erasoak egiteaz gain, ordena publikoaren kontrako istiluak eragin zituzten" manifestazioan. Eskularruak ez ezik, txanoak eta kamisetak jantzita zihoazela azaldu du idatzian.

Fiskalaren arabera, akusatuak 2017ko martxoaren 11n bertan joan ziren Iruñera Errenteriatik, "hirian istiluak sortzeko asmoz San Frantzisko plazatik" abiatutako manifestazioan parte hartzeko.

400 bat pertsonak hartu zuten parte martxan. Horietako "sei edo zortzi erabat beltzez jantzita zihoazen, txanoa jantzita eta lepoa estalita, eta poltsa handi batzuk zituzten", zehaztu du Peralsek. Zapateria kalera iritsi zirenean, bengalak pizteaz gain, petardoak eta suziriak jaurti zituzten.

Zehazki, poliziari "objektu sendoak" bota izana egotzi dio Peralsek Asierri Navarreria plazan. Horrez gain, Rubenekin eta Endikarekin beira edukiontzi bat jaurti zutela ere esan du.

Asier Dormitaleria kalean atxilotu zuten; ondoren, korrika abiatu ziren arren, handik gutxira hartu zituzten atxilo Ruben eta Endika.

Juleni dagokionez, manifestazioan izan zela esan du fiskalak, eta une jakin batean, kolore argiko janzki bat ipini zuela lepoan.

Istiluen ondorioz, gizon bat eta hiru polizia zauritu ziren. Bestalde, hamabi etxebizitza, denda eta banketxetan 30.000 euroko kalteak izan ziren.

Fiskalak zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du desordena publiko terroristak egotzita. Era berean, bost urteko zaintzapeko askatasuna ez ezik, kalteengatik 30.000 euro ordain dezatela galdegin du. Azkenik, zauritutako gizonari 1.500 euro eman beharko lizkiokete, eta 600 euro, zauritutako poliziei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea gaur Gipuzkoa Nafarroa gaur Epaiketak albisteak Errenteria argazkiak Gaurko azken ordukoa