Politika -

Mobilizazioa

Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren aurka manifestatu dira Iruñean

UPNk, PPk, eta PSNk babestutako martxa da, horien iritziz, Barkos presidentearen Gobernuak "gaztelaniadunak baztertzen baititu".

Iruñean izandako manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Iruñean izandako manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Milaka lagun kalera atera dira euskara 'inposatu' egiten dela salatzeko

1:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako hainbat elkarte sozialek eta sindikalek, UPNk, PPk eta PSNk babestuta, manifestazioa deitu dute larunbat arratsalde honetarako Iruñean, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren aurka, "Guztion etorkizunaren alde, berdintasunean" lemapean. Gauzak horrela, milaka lagunek parte hartu dute euskararen "inposizioa" salatzeko manifestazio horretan, antolatzaileen aburuz, 30.000 pertsona inguru (15.000 inguru, Udaltzaingoaren arabera).

Manifestazioa 18:00etan hasi da, Nafarroako Parlamentu parean, Sarasate Pasealekuan, eta Nafarroako Jauregi parean amaitu, Iruñeko erdiguneko kaleak zeharkatu ostean.

Politika arloko parte-hartzaileei dagokienez, Nafarroako UPN eta PPko presidenteak izan dira, Javier Esparza eta Ana Beltran, hurrenez hurren, Carmen Alba Gobernuko ordezkaria Nafarroan, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia eta hainbat parlamentari sozialista.

Parte-hartzaileek Nafarroako bandera erraldoia eraman dute, Espainiako banderak ikusgai ere izan dira, eta hainbat oihu bota dituzte ibilbidean zehar: "Hau ez da Euskal Herria, Nafarroa da", "Aukera-askatasuna, inposiziorik ez". Gainera, Nafarroaren, Espainiaren, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren aldeko oihuak ere izan dira entzungai.

Agiria irakurri dute

Martxaren amaiera, Ricardo Guelbenzu Doble 12 Elkartearen ordezkariak agiria irakurri du. Horren iritziz, "gutxiengo baten onerako, gehiengo bat kaltetzen du" Nafarroako Gobernuak, eta hori "bazterketa da".

"Gaurko manifestazioa ez da Nafarroaren aurkako erasoa, batzuk dioten bezala", esan du, "guztion eskubideak errespetatzen dituen Nafarroaren alde borrokatzen dugu, Barkosen Gobernuak egiten ez duena".

Guelbenzuk azpimarratu duenez, parte-hartzaile guztiak "hemengoak gara, hori dela eta, banderarik gabeko euskara nahi dugu, zatitzailea eta baztertzailea ez dena, eta komunikatzeko bakarrik erabiltzen dena, bestelako hizkuntzak bezala".

MANIFESTACION PAMPLONA CONTRA LA POLITICA LINGUISTICA DEL GOBIERNO NAVARRO EFE

Manifestazioak Iruñeko erdiguneko kaleak zeharkatu ditu. Argazkia: EFE

"Euskara gure kulturaren parte da, baina gutxiengo batek hitz egiten du Nafarroan", adierazi du. "Guri euskara interesatzen zaigu, Nafarroako Gobernua, ordea, itsua da, eta bost axola zaizkio gure eskubideak", gaineratu du.

Nafarroako Gobernuak "sustatzea eta inposatzea nahasten ditu, eta euskara erabiltzen du langile publikoen sarreran, maila-igoeran edota leku-aldaketetan mesede egiteko; orain hori enpresa pribatura eraman nahi dute lege berri baten bidez, eta hori lotsagarria da", salatu du.

"Gaur hemen gaude, eta ez dugu hori onartuko", iragarri du Guelbenzuk. Amaitzeko, "dibertsitate ideologikoaren errespetutik elkarbizitzarako" deia egin du.

Euskararen aurkako martxa

Gaurko martxa egin aurretik deialdiaren antolatzaileak azpimarratu dutenez, "ez da euskararen aurkako martxa", baina horrekin bat egin duten Nafarroako Gobernuko oposizioko alderdiek ere.

Zentzu horretan mintzatu da Maria Chivite Nafarroako Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak, ETBri eskainitako adierazpenetan. "Euskara hizkuntza propioa da, baina UPNrekin eta PPrekin ados gaude, eta Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika inposizio politika da", adierazi du. Bestalde, Ana Beltran Nafarroako PPko presidenteak salatu duenez, "Barkos presidenteak gaztelaniadunak baztertzen ditu".

"Bazterketa" hori Administrazio publikoan bereziki antzematen dela diote oposizioko alderdiek. Jose Javier Esparza UPNren presidentearen esanetan, "ez da bidezkoa euskara jakiteagatik administrazioan lanpostu bat lortzeko aukera gehiago izatea".

"Gaurko manifestazioa ez da Nafarroaren aurkako erasoa, batzuk dioten bezala", esan du, "guztion eskubideak errespetatzen dituen Nafarroaren alde borrokatzen dugu, Barkosen Gobernuak egiten ez duena".

Guelbenzuk azpimarratu duenez, parte-hartzaile guztiak "hemengoak gara, hori dela eta, banderarik gabeko euskara nahio dugu, zatitzailea ez dena, baztertzen ez duena, eta komunikatzeko bakarrik erabiltzen dena, bestelako hizkuntzak bezala".

"Euskara gure kulturaren parte da, baina gutxiengo batek hitz egiten du Nafarroan", adierazi du. "Guri euskara interesatzen zaigu, Nafarroako Gobernua, ordea, itsua da, eta bost axola zaizkio gure eskubideak", gaineratu du.

Nafarroako Gobernuak "sustatzea eta inposatzea nahasten ditu, eta euskara erabiltzen du langile publikoen sarreran, maila-igoeran edota leku-aldaketetan mesede egiteko, eta orain hori enpresa pribatura eraman nahi dute lege berri baten bidez, eta hori lotsagarria da", salatu du.

"Gaur hemen gaude, eta ez dugu hori onartuko", iragarri du Guelbenzuk. Amaitzeko "dibertsitate ideologikoaren errespetutik elkarbizitzarako" deia egin du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika UPN Albisteak Nafarroako Alderdi Nafarroako albisteak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Protestak gaur Nafarroako PP azken ordukoa