Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRAK
Legebiltzarreko Segurtasun burua kargugabetu dute, dirua bidegabe erabiltzea egotzita
Legebiltzarreko Mahaiak asteartean hartu zuen erabakia, erakundeko kreditu txartelak modu okerrean erabili dituelakoan. Gainera, auzia Fiskaltzaren esku utzi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko Segurtasun burua kargugabetu egin dute, erakundeko kreditu txartelak modu okerrean erabili dituelakoan. Halaber, Gasteizko Ganberak auzia Arabako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzaren esku utzi du.
Segurtasun buruarena konfiantzazko kargua da eta, berarekiko konfiantza galdu duela argudiatuta, asteartean hartu zuen kargugabetzeko erabakia Legebiltzarreko Mahaiak.
Efe albiste agentziak Legebiltzarreko Mahaiaren akta bat aipatuz jakinarazi duenez, Segurtasun burua kargutik kentzeko proposamena Bakartxo Tejeria Gasteizko Ganberako presidenteak berak egin zuen. Antza denez, Mahaiak berak eskatutako barne ikerketa baten txostena ezagutu ostean etorri zen erabakia.
Dokumentu horren arabera, auto ofizialek eragindako gastuak ordaintzera bideratutako kreditu txartelak modu oker batean erabili zituen. Delituren bat egon daitekeelakoan, txostena Fiskaltzaren esku utzi dute.