Politika -
Euskal Soziometroa
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak
Gainera, Ciudadanos Legebiltzarrera helduko litzateke, EH Bilduk EAEko bigarren indarra izaten jarraituko luke eta Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko luke; PPk, berriz, bi.
Agentziak | Erredakzioa
EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta bi eserleku gehiago irabaziko lituzke; Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, eserlekuak galduko lituzkete, eta Ciudadanos Legebiltzarrera helduko litzateke, Eusko Jaurlaritzaren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako boto-asmoaren berri jakiteko egin den inkestaren arabera.
Inkesta maiatzaren 8tik 15era egin zuten, 2.323 pertsonari galdetuta. EAJk 30 eserleku izango lituzke (egun 28 ditu): EH Bildu bigarren indarra izaten jarraituko luke, egun dituen berberak lortuta (18), eta Elkarrekin Podemosek 10 lortuko lituzke (11 ditu orain).
Laugarren indarra PSE-EE izango litzateke, egun dituen beste lortuta (9), eta bosgarrena PP izango litzateke (9tik 7ra jaitsiko litzateke). Ciudadanosek eserleku bat lortuko luke eta Legebiltzarrera helduko litzateke lehenengoz.
Soziometroaren datuak lurraldeka aztertuz gero, EAJk eserleku bat irabaziko luke Bizkaian (11tik 12ra pasatuko litzateke), EH Bilduk 5ekin jarraituko luke, Elkarrekin Podemos eserleku bat galduko luke (4tik 3ra) eta PSE-EEk (3) eta PPk (2) egun dituztenak mantenduko lituzkete.
Gipuzkoan, EAJk eserleku bat irabaziko luke (9tik 10ra), eta EH Bilduk (8), Elkarrekin Podemosek (3) eta PSE-EEk (3) berdin jarraituko lukete. PPk, berriz, eserleku bat galduko luke eta bakarrarekin geldituko litzateke.
Araban, berriz, aldaketa bakarra izango litzateke: PPk eserleku bat galduko luke (5etik 4ra) eta Ciudadanosek hartuko luke. Gainerako alderdietan ez litzateke ezer aldatuko, eta EAJk (8), EH Bilduk (5), Elkarrekin Podemosek (4) eta PSE-EEk (3) egun duten ordezkari-kopuru bera izaten jarraituko lukete.