Politika -

Pedro Sanchezen Gobernua

Guirao Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol ministro karguaz jabetu da

Ministro berriak esan duenez, adostasuna eta oreka bilatuko ditu Humanitate eta teknologia berrien artean, "zaila izan arren". Maxim Huertaren ordezkoa da, hark dimititu ostean.

Jose Guirao Kultura eta Kirol ministro berria. EiTB
Jose Guirao Kultura eta Kirol ministro berria. EiTB
Maxim Huertak ministerioko kartera pasatu dio Jose Guiraori

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Guirao Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol ministro karguaz jabetu da, ostegun honetan, erregearen aurrean, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea bertan zela. Maxim Huertak dimititu ostean, haren ordezkoa da.

Alfredo Martinez errege-etxeko Protokolo buruak Felipe VI. Erregeak bart sinatutako izendapen errege dekretua irakurri ostean, Guiraok kargua hitzeman du, Konstituzio alearen gainean eskuineko eskua jarrita. Dolores Delgado Justizia ministroa izan da notario nagusia.

"Kultura eta Kirol ministro karguaren betebeharrak zintzo betetzeko hitza ematen dut, erregeari leial izanez eta Konstituzioa gordez eta gordarazten Estatuko oinarrizko arau bezala, Ministroen Kontseiluko deliberazioen sekretua mantentzeko hitza ere ematen dut", irakurri du Gabinebeteko ministro berriak.

Geroago, Kulturako buruak erregeari esan dio "oso urduri" zegoela. Magna Cartarekin batera testu osoa hitzez hitz irakurri du, eta ez du "Ministra eta ministroen Kontseilua" esan. Duela astebete Carmen Calvo presidentordeak hala egin zuen, eta Josep Borrel, Jose Luis Abalos eta Nadia Calviño ministroek jarraitu egin zioten.

Behin protokoloaren eskakizun guztiak beteta, komunikabideak saloitik irteten ari zirela, Guiraok Felipe VI.ri esan dio bera ministro bezala hautatzea ez zuela "inolaz ere espero", eta Zarzuelako zeremonian gehien kezkatzen zuena ez huts egitea zela, "hanka ez sartzea".

Guiraok esan du adostasuna eta oreka bilatuko dituela

Jose Guirao ministro berriak esan duenez, adostasuna eta oreka bilatuko ditu Humanitate eta teknologia berrien artean, "zaila izan arren".

Karguaz jabetu ostean, Guiraok Maxim Huertaren eskutik hartu du Kultura eta Kirol kartera, eta eskerrak eman dizkio kargua hartzean eta horri uko egitean izan duen prestutasunagatik: "niretzako eredu bat izango da", esan du.

Ministroak "berri handitzat" jo du ostegun honetan Artistaren Estatutuari buruz talde parlamentarioen artean lortu duten adostasuna, eta adostasun hori kulturan bilatuko duela azaldu du, "gai zaila" dela kontuan izanda.

"Adostasuna dagoenean dekretuak, legeak, ateratzen dira; adostasunik ez dagoenean ez da ia ezer ateratzen, eta ni adostasuna bilatzen saiatuko naiz", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak