Politika -
Gasteizko auzoaren jaiak
Judimendin presoei egitekoak diren omenaldiaren berri eman dio Udalak Fiskaltzari
ETAko presoei babesa adierazteko ekitaldirik antolatu ez duela ziurtatu du Judimendikoak Auzo Elkarteak, eta biltzar bidezko funtzionamendua duen jaietako batzorde bati leporatu dio.
Agentziak | Erredakzioa
Judimendi auzoko jaietan zenbait presori egitekoak diren omenaldiaren berri eman dio Gasteizko Udalak Arabako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzari. Era berean, jaiak antolatzen dituen bizilagunen elkarteari diru-laguntza itzultzea eskatzeko espedientea abiatu du Udalak.
Gasteizko Alkatetzako iturriek baieztatu dutenez, goizean abiatu dituzte bi tramiteak.
Presoei babesa adierazteko kalejira bat ostiralerako deitu dute auzoan, eta aldizkari batean hiru presoren, besteak beste, Diego Ugarte, Fernando Buesa legebiltzarkide sozialistaren eta Jorge Diez bizkartzainaren hiltzaileetako baten, inguruko artikulu bat argitaratu dute, haien “konpromisoz beteriko ibilbidea” goraipatuz.
ETAko presoei babesa adierazteko ekitaldirik antolatu ez duela ziurtatu du Judimendikoak Auzo Elkarteak, eta biltzar bidezko funtzionamendua duen jaietako batzorde bati leporatu dio.
Elkartearen hitzetan, aldizkariak “gizartearen isla izan nahi du”, baina barkamena eskatu du, “pertsonaren edo kolektiboren bat minduta sentitu baldin bada”. “Ondorioak gainditzeko ekintzetan laguntzeko” borondatea agertu die elkarteak biktimei.
Auzo elkarteari diru-laguntzak kentzeko eskatu dio Covite biktimen elkarteak Gasteizko Udalari, udal batek “guztien diruarekin biktimak iraintzea eta terroristak heroi bihurtzea ezin duelako onartu”.
Gainera, zenbait presori egin beharreko omenaldia egiten badute, terrorismoa goratzeagatik eta biktimak umiliatzeagatik salatuko dituela ohartarazi dio Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak auzo elkarteari.
Bestalde, omenaldia “bertan behera uzteko neurriak aztertzea” eskatu die Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak bere zerbitzu juridikoei.
Jai horietan aurreikusitako omenaldia eragozteko eskatu die ErNE Ertzaintzako sindikatuak Segurtasun Sailari eta Fiskaltzari, “iraina eta legearen kontrakoa delako”.
Auzoan presoen argazkiak eta pankartak jarri dituztela salatu zuen atzo Fernando Buesa Fundazioak. Irudiak kentzeko eskatu zion Udalari (garbiketa zerbitzuek kendu zituzten) eta omenaldia eragozteko eskatu zion Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzari.
Kalejira euskal presoei aplikatzen zaien “salbuespenezko politika” desagertzeko gizartearen gehiengoaren aldarrikapenean kokatu du Gasteizko EH Bilduk. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berak espetxe politikaren aldaketa bat defendatu izan duela gogorarazi du koalizioak.
Koalizioaren ahotan, presoen eskubideak “errespetatzeko” aldarrikapena “ez da berria” auzoan; izan ere, azken hamarkadetan kalean etengabe presentzia izan duen eskaera bat da.
“Espainiako Estatuaren Gobernuko presidente izendatu berriak garai berri honetan espetxe politika aldatzea beharrezkoa dela publikoki adierazi berri du”, gogorarazi du EH Bilduk.