Politika -

Polizia operazioa

Guardia Zibilak Arabako campusa miatu du eta hiru pertsona atxilotu ditu

Agenteek EHUko Farmazia, Letra eta Gizarte-laneko fakultateak erregistratu dituzte, terrorismoa goratzearekin zerikusia duen propaganda bilatzeko operatiboan.

EHUk Gasteizen duen campusa. Irudia: EiTB
EHUk Gasteizen duen campusa. Irudia: EiTB
Goardia Zibilak Gasteizko Campusean miaketak egin ditu

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak hainbat erregistro egin ditu ostegun honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gasteizko campusean, operatibo polizial batean, eta, oraingoz, hiru pertsona atxilotu ditu Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, ustez terrorismoa goratzeagatik.

Ikerketako iturriek adierazi dutenez, guardia zibilek Farmazia, Letra eta Gizarte-laneko fakultateak miatu dituzte, terrorismoa goratzearekin zerikusia duen propaganda bilatzeko operatiboan.

Auzitegi Nazionalak agindu du operazio poliziala, eta, oraingoz, gazte bat atxilotu dute Etxarri-Aranatzen (Nafarroa), eta beste bi pertsona Gasteizen (Araba) eta Azpeitian (Gipuzkoa).

Operazioak irekita jarraitzen du, eta atxiloketa gehiago izan daitezke. Nafarrroan erregistro berriak egitea aurreikusi dute, baina ez da ezagutzera eman ea unibertsitatean edo beste lekuren batean izango diren, iturri berberek azaldu dutenez.

EHUk goizean Auzitegi Nazionaleko 1 zenbakiko instrukzio epaitegiko ofizio bat jaso du, operazio horren berri emanez, unibertsitatetik jakinarazi dutenez. Bertako instalazioak askoz ere lasaiago daude azken egunotan, behin klaseak amaituta.

 

"Gertakari larrien aurrean kezka handia” agertu du EHUk

 

Hala ere, operazioaren inguruko informazioa eta azalpenak eskatu dizkie EHUk Auzitegi Nazionalari eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariari. Gainera, “gertakari larrien aurrean kezka” agertu du.

“Gertakariak zentroen ordutegitik kanpo jazo dira, eta amaitu ondoren jakinarazi dizkiete unibertsitateko buruzagiei”, azaldu du EHUk agiri batean,

Horregatik, “operazioaren berririk ez izan eta gertakari larrien aurrean kezka handia” agertu du erakundeak. “Hiru sarrerak eta hiru miaketak aurrera eramateko baimenak” eskatu dizkio EHUk Auzitegi Nazionalaren argibideetako epaitegiari.

Era berean, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzarekin harremanetan jarri da, “gertatutakoaren informazio zehatza” eskatzeko.

 

Otegi: "Frankismoaren garairik 'onenak' gogora ekartzen ditu"

 

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen ahotan, campusean Guardia Zibilaren presentziak “frankismoaren garairik 'onenak'” gogora ekartzen ditu.

“Guardia Zibila Euskal Herriko Unibertsitatean sartzea, agintari akademiko nagusiak mespretxatuz, frankismoaren garairik 'onenak' gogora ekartzen ditu. Utzi bakean gure unibertsitatea eta euskal gizartea”, idatzi du Otegik sare sozialetan.

Bestalde, Ernaik elkarretaratzea deitu du 19:00etarako Espainiako Gobernuak Gasteizen duen Ordezkaritzaren aurrean, “Utzi bakean Euskal Herria. Espainiako faxismoarekin hautsi!” lelopean.

 

 

Era berean, Ikasle Abertzaleak sindikatuak elkarretaratzeak deitu ditu arratsalderako Donostian, Bilbon, Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Araba Eguneko albisteak Gasteiz Etxarri-Aranatz bideoak Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Azpeitia albisteak Albisteak