Politika -
Espetxe politika
'Ezin dugu preso bat barkamena eskatzera behartu, eskubideak errespetatzearen truke'
Mikel Casado Orain Presoak kolektiboko kideak Moncloak ireki berri duen egoera aztertu du Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan.
RADIO EUSKADI
"Ezin dugu preso bat barkamena eskatzera behartu, bere eskubideak errespetatuak izan daitezen". Hala mintzatu da Mikel Casado Orain Presoak kolektiboko kidea, Radio Euskadiko Boulevard saioan, Pedro Sanchezen Gobernuak espetxe politikan iragarritako aldaketak direla eta.
Halaber, Casadoren arabera, presoen eskubideak defendatzen dituzten kolektiboek lasaitasunez eta zuhurtziaz hartu dituzte Sanchezen Gobernuak iragarritako aldaketak eta, esan duenez, "ekintzen zain" daude oraindik.
Azpimarratu duenez, Espainiako Estatuak eta Gobernuak "egoera berri honen aurrean betebehar moral bat dute: jarrera proaktiboa edukitzea. Estatua eredugarria izan behar da gizartea tratatzeko moduan, bizikidetzaren eredu izan behar da, astakeria hau alde batera utzita".
Casadok ez du kolektibo guztiaren izenean hitz egin nahi izan, Orain Presoaken barruan orotariko iritziak daudela argudiatuta. Ohartarazi duenez, presoak ezin dira barkamena eskatzera derrigortu, trukean euren eskubideak bete daitezen. "Estatuak presoen eskubideak bermatu behar ditu, alde bakarrez", erantsi du.
Sare plataformaren baitan sortutako kolektiboa da Orain Presoak. Besteak beste, sakabanaketa bertan behera uztea, beste estatu batzuetako zigorrak ez pilatzea, eta gradu aldaketak eskatu ditu. Casadoren hitzetan, gizarteak aise onartutako eskaerak dira. Hori horrela, urrirako deituko duten manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
_______________________________
Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu eta eitb.eus-ek itzuli du.