Politika -
Urteko balantzea
Ezker Abertzaleak Nafarroa Baiko ateak "irekita" dituela esan du EAk
"Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko sinesgarritasuna eta legitimitatea" duen talde bakarra Nafarroa Bai dela esan du Maiorga Ramirezek.
Erredakzioa
Maiorga Ramirez Eusko Alkartasunako Nafarroako ordezkariak esan du ezker abertzaleak Nafarroa Bai koalizioaren ateak "zabalik" dituela”. Bere ustez, koalizioa "sendotu" egingo litzateke, Batasuna sartzekotan.
Horrez gain, "Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko sinesgarritasuna eta legitimitatea" duen talde bakarra Nafarroa Bai dela gaineratu du Ramirezek.
Urtearen balantzea egiteko agerraldian esan ditu hitzok Maiorga Ramirezek. Ezker abertzalea Nafarroa Bain sartzeko aukeraren inguruan galdetu diote, eta honek, labur-labur, galdera batekin erantzun du: "Zergaitik ez?".
Bestalde, ETAren balizko agiria "ez delako iristen" kezkatuta azaldu da gaur EAko bozeramailea. Bere hitzetan, bere isiltasunarekin "oztopoak" jartzen ari da ETA abertzaleen arteko elkarlanari.
Ramirezen ustez, "armak uztea" beste biderik ez dauka ETAk. Gernikako Itunak eta gizarteak egin dion eskaerari "erantzun egin behar" diola gaineratu du EAko Nafarroako buruak. Hori gertatzen ez bada, "alderdiek erantzun beharko dute", bere ustez.