Politika -
Elkarrizketa AEBetan
Otegik ziurtatu du ETA indarkeria uzteko prest dagoela
The Wall Street Journal egunkariak egindako elkarrizketa batean, Batasuneko bozeramaile ohiak iragarri du "aurki" jazoko diren "gertakizun" batzuek negoziatzera behartuko dutela Gobernua.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak ziurtatu du ETA indarkeria uzteko eta "estrategia baketsu" batean parte hartzeko prest dagoela.
The Wall Street Journal AEBetako egunkari ospetsuak kartzelara bidalitako galdera batzuei emandako erantzunetan, buruzagi abertzaleak adierazi du "logikoa" iruditzen zaiola Espainiako Gobernuak "bermeak" eskatzea "herritarren segurtasuna "zaintzeko". "Gure jarrera irmoa eta atzeraezina dela erakusteko behar beste berme eskaintzeko irrikitan gaude", gaineratu du.
Hain justu, ezker abertzalea eta Eusko Alkartasuna ETAren balizko agiri baten zain daudela eta erakunde terroristak agiriak faltsutzeko materiala ostu eta astebetera etorri da elkarrizketa.
Testuinguru horretan, Otegik aurreratu du "aurki" jazoko diren "gertaera" batzuen ondorioz Gobernuak "presioa" izango duela negoziatzen hasteko. Dena dela, ez du zehaztu zeintzuk izango diren gertaera horiek.
Halaber, Batasuna "edozein motatako indarkeriaren aurka" dagoela nabarmendu du.
Otegik ez du aipamen zehatzik egin ETAren balizko agiri baten inguruan, eta Gobernua erakunde terroristaz ez fidatzea ulertzen duela esan du.
Wall Street Journal egunkariak elkarrizketaren laburpen bat baino ez du publikatu bere webgunean, eta Otegi "aurreko bake-negoziazioetako negoziatzaile giltzarria" izan zela azaldu du.
Bigarren elkarrizketa espetxetik
Gaurkoa bigarren aldia izan da Arnaldo Otegiri elkarrizketa egin diotena espetxetik. Lehena urrian izan zen, El Pais egunkariak hainbat galdera igorri zizkionean. Elkarrizketa horretan, buruzagi abertzaleak ohartarazi zuen Batasuna aurka agertuko litzatekeela ETAk atentaturen bat egingo balu.
Otegi espetxean dago 2009ko urritik. Une horretan, ETAren aginduari jarraiki Batasunaren zuzendaritza berriz osatzen saiatzea egotzita atxilotu zuen Poliziak. Gaur egun Logroñoko (Errioxa) espetxean daukate.
Artikuluaren zati gehienean, egunkariak testuingurua azaldu du eta Batasunak nazioarteko bitartekarien laguntza eskatu duela aipatu du.
Wall Street Journal-en esanetan, Gobernuarekin ere harremanetan jarri da, baina hark uko egin dio Otegiren hitzak baloratzeari eta iraganean ere tankera horretako adierazpenak ez direla nahiko esan duela nabarmendu du.
Bestalde, hedabide estatubatuarrak gogorarazi du ETA erakunde terroristatzat jo dutela AEBek, Europar Batasunak eta Espainiak.
Aipatu egunkariak ziurtatu du Gobernuak ETArekin akordioa egiteko apustua egin duela, eta haren estrategiaren barne hamarka susmagarri atxilotzearen eta erakunde terroristatik aldendu diren presoak Euskadiko espetxeetara hurbiltzearen alde ere egiten ari dela.