Politika -
Estatutu berria
'Gaitze galdeketa batek tokirik' ez duela ohartarazi du Espainiako Gobernuak
EAJk eta EH Bilduk bultzatu nahi duten “gaitze galdeketa Gernikako Estatutuaren prozedura guztietatik kanpo” dagoela adierazi du Isabel Celaa Exekutibo zentraleko bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko herritarrek Euskadiko etorkizunaren inguruan erabakitzeko, EAJk eta EH Bilduk bultzatu nahi duten “gaitze galdeketa Gernikako Estatutuaren prozedura guztietatik kanpo” dagoela adierazi du Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak.
“Ez du tokirik”, esan du Celaak Ministro Kontseiluaren bilera amaitu ondoren. Gernikako Estatutua erreformatzeko negoziazioa baino lehen, aldez aurretik kontsulta ez loteslea deitzea proposatu dute EAJk eta EH Bilduk.
Bi alderdien asmoa “gaitze” galdeketa bat deitzea da, baina “juridikoki ez loteslea”, herritarrek Euskadiren status politiko berria erabakitzeko, Espainiako Estatuarekin negoziatu baino lehen. Negoziazio hori bukatuta, orduan estutuaren erreforma berresteko erreferenduma egingo litzateke.
Eusko Legebiltzarraren Autogobernu Lantaldean adostasuna lortu dute bi talde politikoek. Ostiral honetan hasierako fasearen lanak bukatu ditu lantaldeak. Honezkero, Estatutuaren erreformarako oinarriak ezarri dituzte.