Politika -

Heriotza

Sabin Intxaurragak azken agurra jasoko du gaur arratsaldean, Zeanurin

Hileta-elizkizuna 18:00etan izango da bere jaioterriko Andra Mari elizan. Atzo Intxaurragaren sendiak dolu mezuak jaso zituen etengabe erakundeen eta ordezkari politikoen aldetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sabin Intxaurragaren aldeko hileta elizkizuna gaur arratsaldeko seietan izango da Zeanurin (Bizkaia), bere jaioterrian, Andra Mari Elizan.

Atzo egun osoan etengabe jaso zituen bere familiak alderdi politiko zein erakundeek bidalitako elkartasun mezuak dolua erakutsiz. Bere koherentzia eta gizatasuna azpimarratu zuten guztiek.

EA

Pello Urizar EAren idazkari nagusia "atsekabetuta" agertu zen Sabin Intxaurraga EAko kide eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiaren heriotza dela eta. Urizarrek azpimarratu zuen "euskal agertoki politiko berriaren sustatzailea" izan zela.

Agiri batean EAren buruzagiak azaldu zuenez, Intxaurraga "gizon ona izan zen, independentziaren aldeko jarrera sendoa izan zuen eta abertzaletasunaren erreferentea zen". Era berean, ardura izan zuen kargu guztietan Eusko Alkartasunaren ideiak babestu zituela azaldu zuen, "lan politikoa gidatzen zuen ideia nagusiekin beti: abertzalea, ezkertiarra eta giza-eskubideekiko konprometitua".

"Egungo egoera politikoarekin oso ilusionatuta eta gogotsu zegoen", izan ere, "hein handi batean, euskal agertoki politiko berriaren sustatzailea izan zen". "Subiranotasunaren aldeko mugimendu aurrerakoi baketsua osatzearen alde zegoen, eta oso gustura zegoen Eusko Alkartasuna egungo testuinguruan egiten ari den lanarekin. Bere babesa pizgarria izan da egungo zuzendaritzarentzat", Urizarren arabera.

"Sabinek utzi egin gaitu baina badaki Eusko Alkartasunako lagun eta kideek berak hasitako bidea jarraituko dugula eta amaituko dugula: Euskal Herria independentea sortuko dugu, Europa federal batean. Agur, Sabin", gaineratu zuen Urizarrek Intxaurragari azken agurra emate aldera.

Bestalde, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren hitzetan, Intxaurraga abertzale "zintzo" bat zen; "sakonki sentitzen zuen herriaren egoera eta eskubideak". Ildo horretan, euskaldun eta euskaltzale "amorratua" zela esan zuen atzo Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

"Arriskatzen zen politikoa zen, eta sakonki sentitzen zuen defendatzen zuena", adierazi zuen Garaiokoetxeak bere alderdikideari buruz.

Lehendakaria

Patxi Lopez lehendakariak ere doluminak helarazi nahi izan dizkie Sabin Intxaurragaren senide eta EAko kideei. Zendu berri den politikaria "bere ideien defendatzaile sutsua" zela eta "herriaren zerbitzura" zegoela azpimarratu zuen.

Patxi Lopezek telegrama bat bidali zion Intxaurragaren sendiari, heriotzak min handia eman diola adierazi zien senideei "garaiz eta ustekabean" iritsi delako. Era berean, "bere hutsunea" nabariko duela ziurtatu zien, izan ere, "politikaria baino gehiago arduradun publikoa izan zen euskal administrazioaren hainbat alorretan, Sabin gizon ona izan zen".

Aralar

Aralarrek, bere aldetik, "atsekabea" agertu zuen Eusko Alkartasunaren militante historikoaren heriotza dela eta.

Agiri batean, Aralarrek azaldu zuen Intxaurragarekin "euskal politikagintzan paper garrantzitsua jokatu duen pertsona bat" joan zela.

EB

Mikel Arana Ezker Batuaren koordinadore nagusiak EAko kide zenaren ezaugarri nagusiak aipatu zituen: "Osotasuna eta ideia sakon eta zintzoen defentsa".

Aranak esan zuen Intxaurragarena "galera handia" dela "bai politikarentzat bai euskal gizartearentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea