Politika -

Prentsaurrekoa Donostian

Frantziako hainbat elkartek errefusatu egin dute Martinen euroagindua

Hogeita hamar eragilek inguru Batasuneko kide ohiaren gutun bat irakurri dute. Horretan, ezker abertzaleari alderdi legal bat izaten uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurore Martin Ipar Euskal Herriko Batasuneko buruzagi ohiak ezker abertzaleari alderdi legal bat baimentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Martin ihesean dago, Parisko Justiziak Espainiako agintarien esku uzteko euroagindua onartu eta gero.

Frantziako hainbat sindikatutako eta elkartetako 30 ordezkarik inguru prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Donostian, eta bertan, euroagindua kritikatu dute eta gutun bat irakurri dute Martinen izenean.

Agerraldian Claude Larrieu eta Serge Nogues (FSU),Francis Charpentier (Solidaires) eta Laurence Espinosa (NPA) izan dira bozeramaileak.

Irakurritako gutunean, Aurore Martinek adierazi du indarkeriaren arazoa ez dela konponduko "jazarpenaren bidez", "prozesu politikoa eta demokratikoa" behar baitu, "negoziazio politikoaren bidez", eta "euskal herritarren autodeterminazio eskubidea errespetatuta".

Prentsaurrekoan agertu diren eragile frantziarrek "onartezin"tzat jo dute Martin jasaten ari den "jazarpena", eta Frantziako hiritartasuna duen euskal politikari bati euroagindua onartu dioten lehen aldia izan dela gogorarazi dute.

Halaber, "Batasunaren ekitaldi publikoetan parte hartzeagatik eta iritzi artikulu bat idazteagatik" Martini 12 urte arteko espetxe zigorra ezar lioketela gaineratu dute.

Hilaren 22an, Paueko Fiskaltzak Martin atxilotzea agindu zuen, terrorismo delituak egotzita, ondoren Espainiaren esku uzteko, Batasuneko kide ohia ez baitzen polizia-etxera joan, aginduta zuen moduan.

Hilaren 20an, Martinek iragarri zuen Justiziatik ezkutatuko dela, espainiaratzea saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea