Politika -

KATALUNIA

Torrak ez dio autodeterminazio eskubideari uko egingo, 'herriak irabazi duelako'

Bestalde, Generalitateko presidenteak konferentzia politiko bat iragarri du iraileko lehen asterako, datozen hilabeteetan emango diren pausoen inguruan hitz egiteko.

Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin Moncloan izandako bileraren ondotik, Quim Torra Generalitateko presidenteak "elkarrizketa aro" baten hasiera goraipatu du, baina autodeterminazio eskubideari ez diola uko egingo nabarmendu du, "herriak irabazi duelako".

Catalunya Radio irrati kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "sekula" ez dio uko egingo "autodeterminazio eskubideari". Are gehiago, zer galdurik ez daukala esan omen zion Sanchezi: "55 urte ditut, seme-alabak nagusiak dira dagoeneko eta ez daukat ezer galtzeko".

Kataluniako presidentearen hitzetan, atzoko bilera ia osoa (% 90) autodeterminazio eskubideaz hitz egiten igaro zuten. Izan ere, Torraren esanetan, ez dago autodeterminazio eskubidea gauzatzen ez den etorkizun posiblerik. "Autodeterminazio eskubidea irabazi du herriak eta nik ez diot uko egingo", azpimarratu du.

Urriaren 1eko erreferendumari eta independentziari uko egin ezin diela azpimarratu ostean, epe laburrean Kataluniako Konstituzioa osatzeko prozesua abiarazi nahi duela esan omen zion Sanchezi. "Presidente jauna, "(Generalitatearen) lehengoratzetik Konstituziora goaz", esan du Torrak.

Moncloan Sanchezekin izandako bileraren ondoren "elkarrizketa aro" berri baten hasiera antzematen du, baina "agian ez negoziazio baten hasiera". Edozein kasutan, eta zortzi urtez izandako desadostasunen ondotik orain "guztiaz" hitz egin daitekeela eta "aldebiko harremana" egon daitekeela uste du. Torraren esanetan, "abiapuntu ona" da eta aurrerantzean "hitzetatik ekintzetara" pasatzea falta da.

Preso politikoei buruz galdetuta eta negoziaziorako objektu ez direla adierazi ostean, Espainiako Gobernuaren aldetik "erantzun politikoa" behar dela iradoki du.

Bestalde, Generalitateko presidenteak konferentzia politiko bat iragarri du iraileko lehen asterako, datozen hilabeteetan emango diren pausoen inguruan hitz egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès albisteak