Politika -

Euskobarometroa

EAEko herritarren % 81 gustura daude Gernikako Estatutuarekin

% 13, aldiz, ez daude batere pozik Estatutuarekin. 10 herritarretik ia lauk eskuduntzak Jaurlaritzaren esku uztea nahi dute, eta % 28k erreformatzeko beharra ikusi dute.

Francisco José Llera, aurkezpenean. EFE
Francisco Jose Llera. EFE
EAEko herritarren % 81 gustura daude Gernikako Estatutuarekin

1:13

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maila ezberdinetan bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren gehiengo zabal bat ( % 81) gustura dago Gernikako Estatutuarekin, Euskobarometroaren azken inkestaren datuen arabera. Itaundutakoen % 13, aldiz, batere pozik ez daudela nabarmendu dute.

Udaberrian, maiatzaren 9tik 26ra, egindako 600 galdeketak oinarri hartuta osatu du EHUko Zientzia Politikako Sailak bere azken inkesta, eta gaur prentsaurrekoan azaldu ditu emaitzak Francisco Jose Llera irakasleak.

Estatutu berriaren eztabaidaren erdian, 1979ko Estatutuarekin duten gogobetetasun mailari buruz galdetu diete herritarrei. % 42 Estatutuarekin "nahiko pozik" daude, eta % 39, berriz, "erabat gustura". Itaundutakoen % 13, aldiz, batere pozik ez daudela nabarmendu dute.

Egun indarrean dagoen autogobernu mailarekin nahikoa dute galdekatutakoen % 20k, eta beste % 36k eskuduntza guztiak Jaurlaritzaren esku egotea nahi dute. Horien aurrean, autogobernua handitzearen alde egiten dute herritarren % 28k. Aldiz, oso gutxi dira (% 9) hausturaren eta prozesu subiranistaren alde garbiki dauden herritarrak.

Gernikako Estatutuari buruzko erreferenduma gaur egingo balitz, herritarrek erdiak (% 51) 'bai' bozkatuko luke, 1979an lortutako emaitza (% 53) berdinduta. Ezezko botoa % 8koa litzateke.

Halaber, independentziari buruzko erreferendum bat egingo balitz, ezetzak irabaziko luke (botoen % 37, duela dela sei hilabete baino babes apalagoarekin), eta baietzaren aldeko hautuak % 32ra igoko litzateke (duela sei hilabete baino bi puntu gehiago). Herritarren % 20k zuri bozkatuko luke; % 11k ez du iritzirik eman nahi izan.

Kataluniako auziaz galdetuta, gehiengo batek ( % 58) ez du Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea babesten; horren alde daude galdetutakoen % 24.

ETAren amaiera

ETAren desegitearen ostean (maiatzaren hasieran egin zuten galdeketa), gehiengo zabal batek (% 81) uste du erakunde armatua "oso edo nahikoa negatiboa" izan dela Euskadirentzat. Iritzi orokor eta partekatua da, abertzaleen ( % 78) eta ez-abertzaleen (%84)  eta hautesleria guztien artean (% 58, EH Bilduren boto-emaileen artean, eta % 100, PPkoen artean).

Euskal gizartearen gehiengoak uste du ETA negatiboa izan dela Euskadirentzat

Francisco Lleraren esanetan, "ETA jardunean zegoenean, gutxiengo ziren erakunde armatua babesten zuten EH Bilduko boto-emaileak".

Bestalde, euskal gizartearen baitan "zatiketa kronikoa" atzeman du Euskobarometroak azken galdeketa honetan ere: abertzaleak (galdetutakoen % 45) eta ez-abertzaleak (% 51). Abertzaleak Gipuzkoan bakarrik dira nagusi.

Espetxe politika

Presoen auziaz ere galdetu diete herritarrei. Birgizarteratzeko neurriak sustatzearen aldekoak % 46 dira, betiere presoek "damua agertu eta armak uzteko konpromisoa" hartzen badute.

Horien aurrean, lautik ia batek (% 23) uste du neurri horiek soilik erabil daitezkeela hilketa deliturik ez dituzten presoekin, eta ia beste horrenbeste (% 21) ez dago prest barkatzeko, eta uste baitute denek zigorra osorik bete behar dutela.

Halaber, 10etik ia bederatziren (% 88) iritzian, "bi bandoen biktimekin justizia egin behar da"; herritarren % 3 ez daude horrekin ados.

Azkenik, galdetutakoen % 76k uste dute ETAk "indarkeria historiaren akatsa onartu eta iraganaz damutu behar" duela; % 10 horren kontra daude.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak