Politika -

OMENALDIA ERMUAN

Omenaldia egin diote Miguel Angel Blancori Ermuan, hilketaren 21. urteurrenean

Talde politiko guztiak izan dira ETAk orain 21 urte bahitu eta hil zuen PPko zinegotzia oroitzeko ekitaldian. Halaber, Alderdi Popularrak bere ekitaldia antolatu du.

Omenaldia Miguel Angel Blancori Ermuan. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila irudia.
Omenaldia Miguel Angel Blancori Ermuan. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila irudia.
Ermuko Udalak omenaldia egin dio Miguel Angel Blancori

1:12

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk bahitu eta hil zuela 21 urte bete direnean, Ermuko Udalak Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia omendu du, urtero bezala. Udalak egindako omenaldian, alderdi politiko guztietako ordezkariak izan dira.

Halaber, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak ere parte hartu dute, besteak beste.

Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak adierazi duenez, duela 21 urte guztia aldatu zen eta "beldurra, isiltasuna eta paralisia mobilizazio eta askatasun ohi" bihurtu ziren.

"Hiltzaileak heroi gisa tratatzen dituztenen eta indarkeria ekintzak justifikatzen dituztenen aurrean egongo gara", azpimarratu du.

Bestalde, "elkarbizitzarekiko eta demokraten batasunarekiko" konpromisoa agertu du.

Homenaje miguel angel blanco ermua

Homenaje miguel angel blanco ermua

Juan Carlos Abascal Ermuko alkatea. ETBren bideotik ateratako pantaila-irudia.

Biktimen omenezko monolitoaren aurrea egindako omenaldian, ETAk hildako beste ermuar bat gogoratu du Udalak: Sotero Mazos Figueras. ETAk 1980an hil zuen Eibarren, tiroz, ile-apaintzailea.

Adierazpenen ondotik, ohi bezala, lore eskaintza egin dute biktimen oroitarriaren aurrean.

Omenaldi bat Udalak, bestea PPk

Alderdi Popularrak, bere aldetik, beste ekitaldi bat antolatu du eguerdian San Pelayo plazan, eta alderdiko ordezkaritza zabala elkartu da bertan. Bizkaiko herrian izan dira, besteak beste, Soraya Saenz de Santamaria Rajoyren Gobernuko presidenteorde ohia, Fatima Bañez Lan ministro ohia eta Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentea. Horrez gain, Mari Mar Blanco Miguel Angel Blancoren arrebak eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidente ere badenak parte hartu du.

Soraya Saenz de Santamariak azpimarratu duenez, lehentasuna ez da ETAko presoak etxeratzea, terrorismoagatik erbesteratuak izan diren pertsonen itzulera baizik. PPren presidentegaiak zehaztu duenez, ETA garaitua izan ez bada ere, egitekoa ez da amaitu eta "lanean jarraitu behar da ETAren diskurtsoa behin-betiko garaitzeko eta "egiazkoa eta justua izango den kontakizuna eraikitzeko".

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentearen esanetan, ETA garaituta badago ere, "borroka ez da amaitu". "Hemen gatazka bat egon zela kontatu nahi dute, baina ez diegu utziko", gaineratu du.

Bestalde, Mari Mar Blancoren hitzetan, ez dago barkamenik hiltzaileentzat: batetik, "barkamenik eskatu ez dutelako" eta, bestetik, "justiziarekin kolaboratu nahi ez dutelako". Biktimak "aulkiengatik" saldu ezin direla azpimarratu ostean, gazteek bere anaia nor zen jakin behar zutela aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bizkaiko albisteak Ermua argazkiak EAE albisteak ETA gaur Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Bakea eta adiskidetzea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Euskadiko PP berriak