Politika -

Alderdi Popularra

Soraya Saenz de Santamariaren aurkako bideoaren jatorria ikertzeko eskatu dute

Pablo Casadok, beste hautagaiak, ordea, bideoa gaitzetsi du, eta adierazi du "borroka garbi batean" horrelako ekintzak onartezinak direla.

Saenz de Santamaria eta Pablo Casado, PPren buruzagitzagatik lehian. Argazkia: EFE
Saenz de Santamaria eta Pablo Casado, PPren buruzagitzagatik lehian. Argazkia: EFE
Saenz de Santamaria eta Pablo Casado, PPren buruzagitzagatik lehian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan sare sozialen bidez zabaldutako Soraya Saez de Santamariaren aurkako bideoaren jatorria, egiletza eta zabaltze-bideak ikertzeko eskatu du Santamariaren hautagaitzak. Gainera, PPren barne-hauteskundeetako beste hautagaia den Pablo Casado taldea aipatu du bideo horren erantzule moduan.

Casadok, ordea, bideoa gaitzetsi du, eta adierazi du "borroka garbi batean" horrelako ekintzak onartezinak direla. Gainera, bideoaren jatorria ikertzeko eskaera babestu du.

Atzo zabaldutako bideoan ikus daitezke PPren buruzagi historikoen eta Santamariaren aldekoak diren ministro ohien irudiak, euren une txarrenekin edota hauteskunde-porrotekin, "Kontaidazu nola berrituko gaituzuen" lemapean.

PPren barne-hauteskundeen batzorde antolatzailearen presidentea den Luis de Grandesi zuzendutako gutunean, Santamariaren hautagaitzak eskatu du Casadoren taldekoek "azalpenak eman ditzaten" eta, "behar izanez gero, dagozkien neurriak hartzeko".

"Komunikabideetan zabaldu da Pablo Casadoren hautagaitzaren ingurukoengandik datorrela bideoa", eta "horrelako kutsatze-ariketek ez dute aurrekaririk PPren barne-historian", adierazi du Santamariaren taldeak eskutitz horretan.

Bestalde, Casadok "irmo" gaitzetsi du bideoa, eta esan du berak beti borrokatuko duela alderdiaren eta alderdikideen alde. Bere inguruko inork ez duela bideo hori egin azpimarratu du, eta hori egin duenak bera kaltetzea zuela helburu ohartarazi du. "Etsaia ez dago PPren barruan", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Mariano Rajoy Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado albisteak