Politika -

Mezuaren inguruko erreakzioak

EAJ: 'Lehendakaria izatea zer den ez dakienaren eduki gabeko mezua'

EBk, Aralarrek, EAk eta UPyDk mezua kritikatu dute eta lehendakariari sendotasun gehiago agertzea eskatu diote. PPk, bestalde, "lasaitasunak eta elkar ulertzeak" gora egin duela azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearen ustez, Patxi Lopez lehendakariaren mezua "edukirik gabekoa" izan da, ez baitu "Gobernu ekimenik erakusten", "Lehendakari hitzaren esanahia ezagutu gabe jarraitzen du", azpimarratu du agintari jeltzaleak.

PSE-EE eta PP "kideak dira, baina ez dute diagnostiko ezta ekintza plan bateraturik", azaldu du Urkulluk. Horren ondorioz "ez dute ezer ere egiten", "ez da normala lehendakariak gauza guztiak ''hirugarrengo'' batzuen esku uztea; Zapateroren Gobernuaren esku, ezker abertzalearen borondatearen esku eta EAJren arduraren esku". "Lider izatea nahi izatea baino gehiago da", gogoratu dio Urkulluk Patxi Lopezi.

PP

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearen ustez 2010ean "elkarbizitzak, lasaitasunak eta elkar ulertzeak gora egin dute nabarmen Euskadin. Hori ezinezkoa zirudien aurreko urteetako giroa ikusita".

Gai ekonomikoetan, Eusko Jaurlaritza "nahiko ondo" ari dela gaineratu du Basagoitik. Hala ere, euskal ekonomiaren arazoa "Monkloan" dagoela ohartarazi du, "Zapaterok EAJrekin egindako akordioen ondorioz, beharrezko neurriak hartu ez eta erabat okerrak diren beste batzuk erabaki dira", azaldu du politikari ''popularrak''.

PSE

Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusia pozik agertu da bere alderdiaren lanarekin.

"Beldurra urrunago dago eta bakea gertuago sozialistak Euskadin agintzen dugunetik", azpimarratu du.

Aralar

Patxi Lopez lehendakariak urtea amaitzeko egindako diskurtsoa "tristea eta konpromisorik gabekoa" izan dela uste du Jon Abril Aralarren koordinatzaileordeak. Hori horrela, "mezu gutxiago eta neurri gehiago" har ditzala exijitu dio Lopezi.

Edukiari dagokionez, Abrilek salatu egin du Lopezek, beste behin ere, "bakea eta denok desio dugun ETAren amaiera nahastea". Abrilek gogoratu duenez, "bakeak sufrimendu guztiak aitortzea eta gainditzea eskatzen du. Aldiz, Lopezen gobernuak ez du ahalegin nahikorik egiten bide horretan".

EA

Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren aburuz, lehendakaria jarraitzen du "bake eta normalizazio prozesuan ez inplikatzen", eta garrantzi handiko kargu hori izanagatik "asko gehiago espero dugu", zehaztu du.

Urizarren esanetan, "2011rako ametsa kontatu du lehendakariak asmoen deklarazioa egin du, baina ez du azaldu zelan lortuko dituen helburu horiek guztiak".

EB

Serafin Llamas Presidentziarako Ebko bozeramaileak, lehendakaria ezin dela "ikusle hutsa" izan adierazi du. Horren ordez, "alderdien mahaia deitu" eta prozesuaren "buru" izan behar duela esan dio Patxi Lopezi. Urte bukaerako mezua "bere buruaren atseginerako" izan dela salatu du, "autobonboz betea" eta "errealitatetik guztiz kanpokoa".

"Lehendakariaren mezuak mundu zoriontsu baten irudia ematen du, maitagarrien ipuinen antzekoa, baina errealitateak bestelako irudia ematen digu; langileek eta gizartean kaltetuenek eragin ez duten krisiaren ondorio astunenak jasaten jarraitzen dute", gaineratu du Llamasek.

UPyD

Gorka Maneiro UPyDko parlamentariaren ustez, Patxi Lopezek "ez du argitu mezuan aipatutako nahiak eta itxaropenak nola gauzatuko dituen", ezta "ezinbestekoa duen lidergoa erabiliko duen edo, bestela, Euskadirekin lotuta dauden erabaki garrantsitzuenak EAJren esku uzten jarraituko duen".

"Politika ekintzek osatzen dute, uste sendoek eta erakiak hartzeko gaitasunak. Horiek dira, hain zuzen, 2010ean lehendakariak eta Euskop Jaurlaritzak erakutsi ez dutena", azaldu du Maneirok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea