Politika -

Biltzar Nazionala

Pascalek 'batasuna' eskatu du PDeCATek Puigdemonten egitasmoari babesa emateko

Igandera arte, PDeCATek Biltzar Nazionala egingo du; koordinatzaile nagusia, horrela, saiatu da erakusten ez duela zalantzarik Crida Nacional per la Republicarekin bat egiteko.

Marta Pascal, PDeCATeko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE.
Marta Pascal, PDeCATeko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE.
Marta Pascal, PDeCATeko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PDeCATen koordinatzaile nagusi Marta Pascalek "batasuna eta eskuzabaltasuna" eskatu du ostiral honetan, xede izanik alderdia "indartsua" izatea eta Carles Puigdemontek bultzatutako egitasmoarekin, alegia, Crida Nacional per la Republicarekin bat egitea.

Hala azaldu du Pascalek PDeCATen Biltzar Nazionalaren aurrean, gestio-txostenean; Kataluniako Biltzar Jauregian ari dira egiten, igandera arte.

Pascalen arabera, "alderdi indartsua izateko, denok batera joan beharko gara, sentsibilitate guztiak onartu beharko ditugu, elkarrekin batu beharko dugu; hori dena, eskuzabaltasunetik, errespetutik eta konpromisotik egin beharko dugu".

"Puigdemont presidentearen Crida batasunerako beste aukera bat da, eta, inolako zalantzarik gabe, horrekin bat egin behar dugu; baina hori guztiz bateragarria da jendearentzako eta herrialdearentzako erabilgarria den alderdi indartsu baten alde lan egiten jarraitzearekin", adierazi du Pascalek, Twitterren esan duenez.

Ahalegindu da erakusten zalantzarik ez duela

Crida Nacionalekin bat egiteko aldez aurretiko jarrera horren bidez, Pascal ahalegindu da erakusten ez duela zalantzarik Puigdemontek bultzatutako egitasmoarekin bat egiteko; azken horrekin duen harremanak tirabirak izan ditu.

Hain zuzen ere, PDeCATen Biltzar Nagusia ostiralean hasi da, baina alderdiaren buruzagitzarako borroka oraindik amaitu gabe zegoela ekin diote. Borroka horretan, Pascal eta hainbat kide kritikari aurrez aurre daude; Puigdemont eta horren gertukoak, adibidez, ez daude Pascalen alde. Kritikarien asmoa da koordinatzaile nagusia kargutik kentzea.

Gestio-txostenean (David Bonvehi eta Ferran Bel ere harekin izan dira, aurkeztu duenean), Pascalek esker oneko hitzak izan ditu Puigdemontentzat, Lluis Puig kontseilari ohiarentzat, eta preso dauden hiru buruzagientzat, alegia, Jordu Turullentzat, Josep Rullentzat eta Joaquim Fornentzat.

"Ez zaituztegu nahi etxetik hurbil, etxean nahi zaituztegu. Alderdi honek inoiz ez zaituzte utziko. Beti egongo gara zuen ondoan", esan du Pascalek; haren iritziz, PDeCAT "zentroko egitasmo politiko zabala da, konplexurik gabe independentista".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès albisteak Carles Puigdemont