Politika -
PP-KO PRESIDENTE BERRIA
Casadok PPren Batzode Exekutibo Nazionalean sartzea eskaini dio Saenz de Santamariari
PPko presidente berria barne hauteskundeetan bere aurkari izandakoarekin batzartu da Diputatuen Kongresuan, bi hautagaitzak bateratzen saiatzeko.
AGENTZIAK
Pablo Casado PPko presidente berriak alderdiaren Batzorde Exekutibo Nazionalean sartzea proposatu dio barne hauteskundeetan aurkari izan duen Soraya Saenz de Santamariari. Zehazki, berak hutsik utzitako izendapen askeko bokal postua eskaini dio.
Casadoren taldeko iturriek adierazi dutenez, hori da alderdiko buruak Saenz de Santamariari egin dion eskaintza gaur Diputatuen Kongresuan egin duten bileran.
Guztira, izendapen askeko bost bokal postu daude PPren Batzorde Exekutibo Nazionalean. Pablo Casadok alderdiaren ezohiko kongresuan iragarri zuenez, postu horietako hiru barne hauteskundeetan hautagai izan direnetako hiruk beteko dituzte (Jose Ramon Garcia Hernandez, Jose Manuel Garcia Margallo eta Elio Cabanes). Laugarren bokala Jorge Fernandez Diaz Espainiako ministro ohia izango da eta, beraz, postu bat libre egongo litzateke. Hori da, hain zuzen ere, Casadok Saenz de Santamariari eskaini diona.
Batzarra 10:30ak pasatxoan hasi da Kongresuan, baina 20 minutura eten egin behar izan dute osoko bilkurara joateko. Gerora, biek osoko bilkuran parte hartu ostean, bilerari berrekin diote.
Amaieran kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan Saenz de Santamariak esan duenez, bere hautagaitzak izandako babesa (% 43) modu "duin" eta "egokian" islatuko duen ordezkaritza bat izatea eskatu dio Casadori. Gaineratu duenez, gaur arratsaldetik aurrera Jose Luis Ayllonek (Saenz de Santamariaren taldea ordezkatuz) eta Teodoro Garcia Egeak (Casadoren taldea ordezkatuz) gidatuko dituzte bi taldeen arteko negoziazioak.
Pablo Casadok, bere aldetik, baztertu egin du Soraya Saenz de Santamariak egindako eskaria eta, horren aurrean, bere taldeko pertsona baliotsuak "gehitzea" eskaini dio, baina "etiketarik gabe". Azpimarratu duenez, "kontua ez da aurkari politikoen artean inbestidura ituna" negoziatzea, "kideen artean adostasunak lortzea" baizik. Horrez gain, Saenz de Santamariak PPren Batzorde Exekutibo Nazionalean sartzea onartuko duenaren itxaropena agertu du.