Politika -
Auzitegi Nazionala
'Txeroki'ri 18 urteko zigorra ezarri diote 2002an kazetari bat hiltzen saiatzeagatik
Auzitegi Nazionalak ETAko kidea zigortu du Maria Luisa Guerrero Antena 3 telebistako kazetaria bonba-pakete batekin hiltzen saiatzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
18 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki ETAko kideari, 2002an Maria Luisa Guerrero Antena 3 telebistako kazetaria bonba-pakete batekin hiltzen saiatzeagatik.
Gainera, biktimari 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, beste 50.000 euro biktimaren ahizpari, eta 50.000 euro gehiago amaren oinordekoei; izan ere, lehergailua bidali zutenean ama etxean zegoen, 3 urteko bilobarekin batera. Pakete-bonba ahizpak jaso zuen.
Txeroki K Olaia taldeko kidea zela frogatutzat jo du gai penaletarako aretoak. Idoia Mendizabal Mugika eta Asier Arzalluz Goñi gertakari berdinengatik zigortu zituzten. Hirurek kazetaria akabatzea erabaki zuten. Berriemailea ETAren jomuga zen, gutxienez 2000 urteaz geroztik. Horretarako, Leioako (Bizkaia) etxera paketea bidali zioten. Ertzaintzako artezilariek lehergailua indargabetu zuten, eta ez zuen eztandarik egin.
Confebask enpresaburu elkartearen izenean bidali zuten paketea. Sententziaren arabera, “etxebizitzan bizi zen edozein pertsona arriskuan jarri zuten bonba-paketea helbide horretara bidalita, eta ETAko kideak horren jakitun ziren”.
Epaiak azaldu duenez, zapata-kaxa baten tamainako kartoizko kutxa bat zen, eta 230 gramo dinamita-goma zituen, pila batzuekin elikatutako detonagailu elektriko batekin. Bonba kaxa irekitzean lehertu behar zen.
Paketea kazetariaren amak jaso zuen, eta segidan alabari telefonoz deitu zion. Honek ez ukitzeko eskatu zion, ez zuelako inolako bidalketarik espero. Ondoren Ertzaintzari abisua eman zioten. Ertzainak bertaratu ziren, eta bonba-paketea kalean indargabetu zuten.
Txeroki ETAko buruzagi militarra Frantziako hegoaldean atxilotu zuten, 2008ko azaroan. Auzi ezberdinetan zigortu dute dagoeneko, eta zigorra betetzen ari da bertan.