Politika -
Balantzea
436 salaketa jaso ditu Ertzaintzaren terrorismoaren aurkako webguneak
Herrizaingo Sailak zehaztu duenez, herritarrek egindako 436 salaketa horietatik 124 dira "interesdunak". Webgunea joan den maiatzaren 12an jarri zuten abian, atentatuak ekiditen laguntzeko asmoz.
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak ETAren aurkako herritarren 436 salaketa jaso ditu, horietatik 124 "interesdunak". Salaketa horiek Ertzaintzaren terrorismoaren aurkako webgunearen bidez edo telefonoz egin dituzte.
Rodolfo Aresek zuzentzen duen departamentuak joan den maiatzaren 12an jarri zuen zerbitzu hori abian, ekintza terroristen edota kale borroka erasoen inguruko informazioa "modu anonimoan eta konfidentzialtasunez" jasotzeko asmoz. Maiatzaren 12tik abenduaren 28ra bitartean, Ertzaintzaren webgune berezi horrek 29.243 bisita jaso ditu eta herritarrek 436 salaketa egin dituzte.
Datu hauek Legebiltzarrean eman behar izan ditu Rodolfo Ares Barne sailburuak, EAJk egindako galdera bati erantzunez. 124 salaketa "interesdun" horietatik 60 telefonoz egin dira eta beste 64 Internet bidez.