Politika -
Martxaren gaineko erreakzioak
ETAren amaiera eskatzeko 'aukera galdu' zuten martxan, PSEren ustez
Barredaren (PP) aburuz, Batasuna "ETAtik bereizteko" unea zen. Maneirok (UPyD), bere aldetik, "milaka herritar terroristen jokoan" sartzea "deitoragarritzat" jo du.
Erredakzioa
Bilboko presoen eskubideen aldeko atzoko manifestazioan ETAren amaiera eskatzeko "aukera galdu" zutela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak.
Pastorren ustez, "egungo unea islatzen ez duen beste garai eta une baten ondorioa" da martxa, "Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari ezta demokraziari ere inolako mugimendurik eskatzeko unea ez delako".
Horren harian, Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramailea ziur agertu da ezker abertzaleak "ETAtik bereizteko edo aldentzeko aukera galdu" zuela atzo.
Popularren buruaren aburuz, Batasuna "ETAtik bereizteko" eta horren "baldintzarik gabeko desagertzea" eskatzeko unea zen.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak, bere aldetik, "milaka pertsona Espainiako eta Euskadiko ehunka herritar hil dituzten terroristen jokoan" sartzea "deitoragarritzat" jo du.
"Penagarria da hainbeste jende ETAko presoei ustez urratutako eskubide batzuk defendatzeko prest egotea, eta hain alferra izatea ETAren baldintzarik gabeko eta behin betiko desagertzea eskatzeko", gaineratu du.