Politika -
PP
'Santi Potrosi' omenaldirik egiten ez uztea eskatu dio Casadok Espainiako Gobernuari
Gasteizen egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenak PPko presidenteak. Dozenaka pertsonak txistuka hartu dute eta 'terrorista' deitu diote.
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Arrospide Sarasola, Santi Potros, ETAko preso ohia omentzeko ekitaldirik egin ez dadin "adi egoteko" eskatu dio Pablo Casado PPko presidenteak Espainiako Gobernuari gaur Gasteizen. 31 urte egon da kartzelan, 40 hilketa egotzita.
Gasteizen egindako ekitaldi batean helarazi du mezua PPko presidenteak. Dozenaka pertsonak txistuka hartu dute eta "terrorista" deitu diote. Horrez gain, Zuzenbide Autonomikoari buruzko masterrean iruzurra egin izana leporatu diote.
Protesten aurrean, "gutxiengo erradikala" ordezkatzen dutenen aurrean, "bizikidetza eta adiskidetasuna berreskuratu" behar dela esan du PPko buruzagiak. "Euskadin espainiarrei interesatzen zaizkien gauzez hitz egiteko aukerarik ez izatea nahi dute", gaineratu du.
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentea Casadorekin egon da Gasteizen, beste hainbat arduradun popularrekin batera. Gizartea askatasunean, segurtasunean eta inolako presiorik edo irainik gabe eraikitzeko beharra nabarmendu du Pablo Casadok.
'Santi Potros' ETAko preso ohiari buruz ere hitz egin du; izan ere, gaur atera da espetxetik, 31 urte preso egon ostean. Espainiako Gobernuari "arretaz ibiltzea" eskatu dio, "omenaldiak" saihesteko.
Presoen gerturatzea
Bestalde, terrorismoaren hainbat biktimak PPri euren izenean ez hitz egiteko eskariari erantzun dio Casadok. Gainerako presoekin gertatzen den moduan, ETAko presoek zigorra haien jaioterrietatik hurbil dauden espetxeetan betetzearen alde agertu dira.
Alderdi Popularreko presidentearen esanetan, "PPk ez du terrorismoaren biktimen izenean hitz egiten", adierazi ondoren, "erabateko errespetua" agertu die, eta "PPk ez du presoen hurbilketarik onartuko", gaineratu du.
"Ez dago polizia gehiegikeriarik"
Halaber, polizia gehiegikerien euskal legearen konstituzionaltasunik ezaren kontrako helegitea kritikatu du. Casadoren iritziz, "Espainian ez da polizia gehiegikeriarik izan", eta Estatuko Segurtasun Indarretako kide asko ETAk hil dituela gogoratu du.
Alonso, "ezinbestekoa"
Euskadiko PP "funtsezkoa" dela azpimarratu du popularren presidenteak, eta Alonso "bere laguna" dela. Orain arte izan duen ibilbideagatik "miretsi" egiten duela esan du Casadok.
Alonso, bere aldetik, "harro" agertu da Casado Gasteizera etorri delako. Bisita eskertzeaz gain, "zorte ona" opa dio Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea izateko.