Politika -
Polizia nazionala
Gazte bat atxilotu dute Gasteizen ISISen kide izatea leporatuta
Atxilotuak Algecirasen du bizilekua. Erakartze eta doktrinatze lanak egitea eta organizazio terrorista baten kide izatea egotzi diote.
agentziak | erredakzioa
Polizia Nazionalak 21 urteko gazte bat atxilotu du Gasteizen, ISISen kide izatea leporatuta. Gainera, miaketa bat egin du hiriburu arabarrean eta beste bi Algecirasen (Cadiz).
Poliziatik Eferi adierazi diotenez, atxilotua Algecirasen bizi zen eta jatorriz marokoarra da, nahiz eta Gasteizen atxilotu duten. Erakartze eta doktrinatze lanak egitea eta organizazio terrorista baten kide izatea egotzi diote.
Halaber, Arabako hiriburuan egindako miaketa atxilotuaren etxebizitza batean egin dute. Algecirasen beste etxebizitza batean eta lokutorio batean egin dituzte.
Barne Ministerioak zabaldutako ohar baten arabera, atxilotua "ezaguna zen jihadismoaren aldeko ideologia duten taldeetako kide zelako Algecirasen".
Gazteak bizimodua eta adierazpenak "gogortu" zituen, eta "muturreko salafisten" alde agertu zen, "organizazio terroristek, gehien bat Estatu Islamikoak, egindako ekintza terroristak babestu ere egin zituen".
A.M.R.R. beste pertsona batekin harremanetan egon zen, hain zuzen, iaz Marokon atxilotutako batekin. Antza, beste horrekin elkartu zen Marokon, eta harremana mantendu zuen sare sozialetan eta bestelako plataforma digitaletan, eta horien helburua atentatuak egitea zen, ikerketak dioenez.
Operazioa Informazio Komisaria Nagusiak eta Algeciraseko Polizia Nazionaleko Informazio Brigadak egin dute, eta frogatutzat eman dute atxilotuak beste pertsona atentatuak egitera animatu zuela, ISISen ikus-entzunezko materiala erabilita.
Gasteizen atxilotutako gazteak segurtasun neurriak hartzen zituen, besteak beste, mezuak bidaltzeko aplikazio ziurrak eta telefono zenbaki ezberdinak erabili.
Ikerketa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak koordinatuta eta 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak zuzenduta egin dute.