Politika -

Autogobernua

Gizarte Segurantza eta espetxe-politika transferitzeko lantaldea eskatu du Erkorekak

Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, ez dago kartzeletako eskumena ez transferitzeko arrazoirik, eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskualdatzeko lantaldea "atzerapenik gabe" sortzea eskatu du.

Josu Erkoreka / EFE.
Josu Erkoreka / EFE.
Gizarte Segurantzaren transferentziak lehentasuna du Jaurlaritzarentzat

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Espainiako Gobernuari eskatu dio "atzerapenik gabe" lantalde bat sortzeko Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeko. Espetxe-politikako eskumena ere transferitzeko arrazoirik ez dagoela gaineratu du, eta, horren arabera, Jaurlaritzak ez du onartuko transferentzia horiek "gauzatzeko erresistentzia apetatsua eta arbitrarioa" egotea, lehentasunezkoak baitira Iñigo Urkulluren exekutiboarentzat.

Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, bi administrazioen artean "garatuago" dauden transferentzien inguruko elkarrizketak hasi diren arren —irailean trenbideen eta autobideen eskualdatzea jorratuko da batzorde mistoan—, PSOEren Gobernuak "badaki espetxe-politikarena eta Gizarte Segurantzarena lehentasunezko gaiak direla".

Horrela dago jasota EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu itunean. Eusko Jaurlaritzak "mahaiaren gainean jarri du dagoeneko", baina ez du "aldeko edo kontrako erantzun sendorik jaso, momentuz".

"Espero dugu Espainiako Gobernuak transferentzia hauek lehentasunezko arreta behar dutela pentsatzea, atzerapenik gabe jorratu behar dira, ez dagoelako momentu honetan mahai batean eseri gaitezen eta transferentzia hau gauzatzearen zailtasunak konpontzen has gaitezen saihestuko duten oztopo politiko edo juridikorik", esan du.

Horren harian, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa transferitzeko "erreparoren bat egotea" ulertzen duela esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak, "zailtasun tekniko" gehiago izan ditzakeelako, baina "ez espetxe-politikan", Gernikako Estatutuan "argi eta garbi" jasota dagoelako eta dagoeneko Kataluniak transferituta duelako. "Beraz, ez dago momentu honetan transferentzia hori zaildu edo oztopatuko duenik", azaldu du.

Josu Erkorekak nabarmendu duenez, eskumen hori transferitzeko "erresistentziaren bat egotea justifikatu ahalko lukeen arrazoi politikoa desagertu da", ETA dagoeneko ez baitago. "Espero dut transferentzia hori legegintzaldi honetan posible izatea, euskal gizarteak ez lukeelako ulertuko ez egitea, Konstituzioan eta Estatutuan hain argi egonda", adierazi du. Gainera, "Euskadiko bizitza politikoa normalizatzeko" ere "positiboa" izango litzateke, erantsi du.

"Espetxe-politikaren gaian zailtasunak badaude, onura politikoaren edo egokitasun alderdikoiaren arrazoien ondorioz izango dira; ezin dut hori demokrata bezala ulertu. Ezin dut ulertu Espainiako Gobernuak lege demokratiko bat ez betetzea onura politikoagatik edo egokitasunagatik", salatu du. Horren ustez, ezin da "legea ondo etortzen zaizunaren arabera bete, hau kaosa bilakatuko litzatekeelako".

Gizarte Segurantza eskualdatzeak ez luke sistemaren batasuna hautsiko

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearentzat, "Gizarte Segurantzaren kasuan zailtasun tekniko bat dago, eta ez da bi astean konpontzen erraza izango, ikerketa bat beharko du, ikuspuntuak alderatzea eta planteamenduak komunean jartzea".

Horregatik, "lantalde bat orain, atzerapenik gabe sortzea garrantzitsua da", "sastraka garbitzen hasteko" eta "iritziak hurbiltzeko, zailtasunak gainditzeko eta bideak irekitzeko planteamendu eraikitzaile batetik eta Gernikako Estatutua betetzeko konpromisotik, euskal autogobernuarekin eskuzabala izanez".

Erkorekak Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra apurtuko denik ukatu du, sozialistak barnea hartzen duen Eusko Jaurlaritzak “Estatutuaren garapena testua errespetatuz defendatzen duelako".

Bozeramailearen arabera, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa bere gain hartu behar du Euskadik, "sistemaren batasunari kalte egin gabe eta dagozkion hitzarmenen bitartez”. “Horrek ez du bereizketarik eragingo, sistemaren batasuna errespetatzen da, kutxaren batasunaren printzipioa errespetatzen da, kutxa, printzipioz, bera delako, kutxazainak ezberdinak izan arren”, azaldu du.

Erkorekak azaldu duenez, Sanchezen Gobernua orain proposatzen ari dena "ez da bakarrik kutxa bakarra egon behar dela, kutxazaina ere bakarra izan behar dela baizik". "Eta gure ustez, hori ez dator bat Gernikako Estatutuarekin", esan du.

Horregatik, "Gernikako Estatutua Konstituzioaren aurkakoa dela argi eta garbi esaten da ala, bestela, agindutakoa bete egin behar da". Zentzu horretan, "kutxaren batasunaren printzipioa kutxazain bat baino gehiago egotearen ideiarekin bateragarri egiteko" deia egin du. Horietako bat Euskal Autonomia Erkidegoarena izango litzateke.

"Beraz, ez dago bereizketarik, ez dago apurketarik, 40 urte bete gabe egon den Legea betetzea baizik. Hori da euskal gizarteari eman geniezaiokeen mezu positiboa da: konpromisoak eta arauak betetzen direla, eta instituzioek babestutako, Gorte Nagusiak onartutako eta herritarrek bozkatutako akordio politikoak betetzeko daudela, eta ez kontrakoa egiteko", ohartarazi du.

Eusko Jaurlaritzak ez diola "ezeri" uko egin esan du sailburuak, Espainiako Gobernuarekin izan duen lehenengo harremanean, elkarlanerako batzorde teknikoan. "Momentu honetan, batzordean lan egiten ari gara, transferentzien egutegi bat egiteko, eta espero dugu osoa izatea, espetxe politika eta Gizarte Segurantzarekin", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Espetxeak