Politika -
Asteartean atxilotu zituzten
Iraitz Gesalaga, kartzelara; Itsaso Urtiaga, aske
ETAk "su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri eta 18 ordura atxilotu zituzten, ETAko kideak izatea egotzita.
Erredakzioa
Iraitz Gesalaga, asteartean Ziburun (Iparralde) atxilotutako ETAko ustezko kidea, kartzelatu egin dute gaur goizean, epailearen esku geratu eta gero, baina operazio horretan atzemandako beste pertsona, Itsaso Urtiaga, aske utzi dute.
Amnistiarnen Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionalak Gesalaga espainiaratzeko euroagindua eman du, eta astelehenean egingo dute hori ebazteko saioa.
Auzitegi Nazionalean, Fernando Grande-Marlaska epaileak aske utzi du Itsaso Urtiaga, baina beste neurri batzuk ezarri dizkio: Espainiatik ez ateratzea, 15 egunean behin epaitegira joatea eta etxebizitza aldaketak jakinaraztea.
Guardia Zibila duela hilabete batzuk hasi zen Gesalaga bilatzen, Bordelen ETAren talde politikoari atzemandako txostenak aztertu eta gero, ETAn ordenagailuak kodetzen zituen pertsona zela ondorioztatu baitzuten.
Halaber, ikertzaileen hitzetan, Venezuelan izan zen, ETAko eta FARCeko kideak informatika kontuetan trebatzen.
Inkomunikazioa amaitzea eskatu dute
Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) abokatuak Itsaso Urteagaren inkomunikazioa amaitzea eskatu du.
Gobernuaren Gipuzkoako Azpiordezkaritzaren aurrean egin du aldarrikapena, erakundean eskakizuna erregistratu aurretik.
Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEKo ordezkariari zuzendutako eskaria da eta ezker abertzalearen, EAren, Aralarren, Alternatibaren eta LAB eta ESK sindikatuen babesa jaso du.