Politika -
Larunbateko martxaren ostean
Espetxe politika aldatzea beharrezko ikusten dute konponbidea lortzeko
Presoen aldeko martxaren bultzatzaileek deialdiak izandako "arrakasta handia" azpimarratu dute eta espetxe politika lehenbailehen aldatzeko eskatu dute bakearen bidean aurrera egiteko.
Erredakzioa
''Egin dezagun urratsa'' ekimenaren ordezkariek, joan den larunbatean presoen eskubideen alde egin zen manifestazioaren bultzatzaileek eta Etxerateko ordezkariek esan dute espetxe politikak aldaketa "azkarra eta geldiezina" izan behar duela gatazkaren muinetik irten eta "konponbide demokratikoa" lortzeko.
Txerra Bolinaga eta Oihana Lizaso bozeramaileek larunbateko manifestazioak "sekulako arrakasta" izan zuela azpimarratu dute eta 64.000 lagun bildu zituela gaineratu dute.
Deialdiak "aurrerapauso nabarmena" suposatzen duela adierazi dute eta agerian geratu dela "gehiengo handi plural eta esanguratsu batek" beharrezko ikusten duela egungo espetxe politikan ezartzen diren "errepresiozko neurriekin" amaitzea.
Hala ETAko presoak Euskal Herrira hurbildu behar dituztela, eskubide guztiak aitortu behar dizkietela eta ireki berri den prozesu politikoan parte hartzeko eskubidea izan behar dutela esan dute.