Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Franco hobitik ateratzea ahalbidetzen duen erret dekretua argitaratu du gaur EAOk

Estatuko Aldizkari Ofizialak jasotzen duenez, Erorien Harana Gerra Zibileko biktimak "omentzeko eta gogoratzeko tokia" izango da aurrerantzean, eta gerran hildakoek gorpuak bakarrik egongo dira han.

Erorien Harana inoiz baino bisita gehiago izaten ari da azken egunotan. Argazkia: EFE
Erorien Harana inoiz baino bisita gehiago izaten ari da azken egunotan. Argazkia: EFE
Erorien Harana inoiz baino bisita gehiago izaten ari da azken egunotan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan argitaratu du Estatuko Aldizkari Ofizialak Francisco Franco diktadorea Erorien Haranetik ateratzea ahalbidetzen duen erret dekretua. EAOk jasotzen duenez, hemendik aurrera, Gerra Zibileko biktimak "omentzeko eta gogoratzeko tokia" izango da Erorien Harana, eta gudan hildakoen "gorpuak bakarrik egon ahal izango dira bertan".

Atzo onartu zuen erret dekretua Espainiako Gobernuak eta bihar, igandea, sartuko da indarrean.

Erret dekretu horrek 2007ko Memoria Historikoaren Legea aldatzen du, eta horretarako, diktadorearen hilotza lekualdatzeko "interes publiko urgentea eta ezohikoa" dagoela defendatzen du. "Interes publiko hori dela eta", Gobernuak erabakia erret dekretuz hartu dezakeela adierazten du gaurko EAOk; eta horrekin, iaz onartu zen ez legezko proposamena nahiz Nazio Batuek "behin eta berriz" egin duten eskaria betetzen dela.

"Toki horretan Francisco Francoren hilotza egoteak oztopatu egiten du frankismoa ez goraipatzeko betebehar legala, baita gerrako biktima guztiak omentzeko betebeharra ere" dio gaur argitaratu den testuak.

Hala, ekimen honekin egoera honi "amaiera eman" nahi zaiola dio Aldizkari Ofizialak: "Erorien Haranean Gerra Zibilean hildako pertsonak bakarrik egongo dira hilobiratuta, eta ondorioz, hobitik aterako dira Gerran hil ez ziren horien gorpuak".

Horrela, "Erorien Harana, biktima guztien oroimen eta omenaldirako toki izango da".

Prozedura

Datorren ostiralean Ministroen Kontseiluak onartuko duen hasiera-akordiotik 12 hilabeteko gehienezko iraupena izango du prozedurak. Gobernuak, dena dela, urte amaierarako bukatutzat eman nahi du prozesua.

Akordio horren ostean, organo bideratzaile bat izendatuko da eta 15 egun emango zaizkie interesatuei alegazioak aurkezteko eta Francoren gorpuzkia nora eraman nahi dute jakinarazteko.

"Senideen artean desadostasunak egonez gero, edo horiek denboraz kanpo hitz eginez gero, Ministro Kontseiluak erabakiko du non hobiratuko den berriz ere, ehorzte duina bermatuz" dio testuak.

Erret dekretua onartu ostean, atzo, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak komunikabideen aurrean egindako agerraldian, ez zuen toki hori argitara eman nahi izan, baina"duina eta errespetuzkoa" izango dela aurreratu zuen, estatu "garantista" batean izan behar den bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Albisteak Gaur Albisteak Frankismoa Madril Memoria Historikoa