Politika -
Altsasu kasua
Altsasuko beste bi gazte, Euskal Herriko espetxeetara lekualdatze bidean
Aratz Urrizola eta Adur Ramirez de Alda Zaballara eta Iruñeko kartzelara ekarriko dituzte. Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzo iritsi ziren Zaballara, Soto del Realetik irten eta 6 egunera.
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
Atzotik Zaballako espetxean dira Altsasuko auziko gazteetako bi: Jon Ander Con eta Julen Goikoetxea. Astebete iraun du Soto Del Realetik Zaballarako espetxe aldaketak, eta horrekin batera jakin da auziko beste bi gazte ere Euskal Herriko espetxetara gerturatuko dituztela.
Aranjuezetik Iruñeko espetxera ekarriko dute Adur Ramirez de Alda eta Soto del Realetik Zaballara Aratz Urrizola. Espetxe Erakundeek agindu hori eman dute jada, eta dagoeneko bidean egon litezke, baina horiek ere hainbat egun behar izango dituzte, ziur aski, espetxe aldaketa horiek gauzatzeko.
Auzi berean espetxean dauden beste hiru gazteek, Iñaki Abadek, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok ez dute gerturatzeko jakinarazpen ofizialik jaso, baina abokatuen ustez egoera eta baldintza berean egonik, bide beretik ekarriko dituzte.
Zazpi gazteak Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoaren aurrean jarritako helegitearen zain dira. Lehen epaiak 9 eta 13 urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien.