Politika -

BEHARTUTAKO DESAGERTUAK

Foro Sozialak 'egia eta erreparazioa' eskatu ditu behartutako desagertuentzat

Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herrian zazpi kasu daudela nabarmendu du Foro Sozialak.

Foro Sozial Iraunkorra. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.
Foro Sozial Iraunkorra. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.
Foro Sozial Iraunkorra. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foro Sozial Iraunkorrak "egia eta erreparazioa" eskatu ditu Euskal Herrian egon diren "behartutako desagertuentzat". Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herrian oraindik argitu gabeko horrelako zazpi kasu daudela azpimarratu du Foro Sozialak.

Ohar batean azaldu duenez, martxoaren 17an Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu zuen dokumentua aintzat hartuta, 482 dira oraindik "argitu gabe" dauden kasuak eta horien artean daude aipaturiko zazpiak.

Hauek dira desagertutako zazpi pertsonak: Irunen bizi ziren Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga A Coruñako hiru gazteak; Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur", 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertua; Tomas Hernandez, 1979ko maiatzaren 15ean Hendaian desagertua; Jose Miguel Etxeberria Alvarez "Naparra", 1980ko ekainaren 11n desagertua; eta Jean Louis Larre 1983ko abuztuaren 7an Landetan desagertua.

Zazpi kasu horiek argitze aldera egindako ekimenak txalotu ditu Foro Sozialak "irakaskuntza arlotik, hemeroteka lanen bidez eta ebidentziak ikertuz eman diren pausuak egia ezagutzeko lagungarriak baitira". Zehatz-mehatz esanda, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzaren aldetik, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin elkarlanean, egin diren ikerketak goraipatu ditu.

Foroaren esanetan, behartutako desagertzeak "larritasun handiko" kasuak dira eta "tamainako erantzuna" behar dute erakundeek, gizarte zibilaren eta alderdi politikoen aldetik, besteak beste, biktima horien senide eta lagunek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatu dadin.

"Oraindik pertsona hauek non dauden eta zergatik desagertu ziren ez jakiteak eragiten dituen mina eta sufrimendua oso presente daude. Hori dela eta, desagertu ziren garaietan egin ziren ikerketen gabeziak behingoz gainditzeko behar diren tresna guztiak eskaini behar direla uste dugu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Gaur Albisteak Desagertutako pertsonak Bakea Euskadin