Politika -
Ustezko espioitza auzia
Bere intimitaterako eskubidea urratu dutela salatu du Iñaki San Juanek
'De Miguel auziko' batzorde ikertzaileko presidentearen arabera, San Juanek zitazioari erantzun ez zionez eta aurkakorik esan ez zuenez, bere izen-abizenak ezagutzera eman zituzten.
Erredakzioa
''De Miguel auziko'' batzorde ikertzaileak bere "intimitaterako eskubidea eta irudia" urratu duela salatu du Iñaki San Juan Errexal eta Ortzi Muga enpresako administratzaileak. Hain zuzen, bere izen-abizenak hedabideetan ezagutzera eman zituztela salatu du Arartekoaren aurrean.
San Juanek azaldu duenez, urtarrilaren 3an Legebiltzarreko batzorde ikertzailearen aurrean agertu behar zuen eta burofaxa hurrengo egunean jaso zuelako ez zela joan.
Juanjo Agirrezabala batzordeko presidenteak, bere aldetik, abenduaren 23an eta urtarrilaren 4ean Ganberaren aurrean agertzeko zitazioa bidali zitzaiola esan du.
Intimitaterako eskubide urratu izanaren gainean, Eusko Alkartasuneko legebiltzarkideak azaldu du San Juanek zitazioari erantzun ez zionez eta aurkakorik esan ez zuenez, bere izen-abizenak ezagutzera eman zituztela.