Politika -

Espainiako Gobernuaren aurka

Torra: 'Kataluniak ez du poliziarik behar, azpiegitura-kilometro gehiago baizik'

Generalitateko presidenteak "erabateko utzikeria" egotzi dio Espainiako Gobernuari, 1978az geroztik ez duelako Renfeko aldirietako kilometro berririk eraiki.

Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak larunbat honetan adierazi duenez, Kataluniak "ez du behar polizia gehiagorik, azpiegitura-kilometro gehiago baizik". Gainera, Espainiako Gobernuari leporatu dio "erabateko utzikeria eta nagikeria", 1978az geroztik ez duelako Renfeko aldirietako kilometro berririk abian jarri. Torraren hitzetan, "urriaren 1ean bozkatutako azken helmugara heltzeko trena hartzeko arrazoi sendoak daude".

Diadaren harira, segurtasuna bermatzeko asmoz, Espainiako Gobernuak Kataluniara bidalitako istiluen kontrako poliziei egin die aipamena Torrak, Bartzelonako metroaren Hegoaldeko 10. linearen inaugurazioan, hain zuzen ere. Marina auzora doan linea hori urteetako atzerapenarekin dator, eta auzokideek hamarkadak daramatzate hura aldarrikatzen.

Espainiako Gobernuaren "utzikeriaren aurrean", Torrak esan du Kataluniako Gobernuak konpromiso "sendoa" duela mugikortasunarekin, eta azpimarratu du bi urte eta erdian Generalitateak 3.800 milioi euro inbertitu duela garraio publikoan, Hegoaldeko L9an, eta Terrasako eta Sabadelleko Ferrocarrilsen luzapenean bereziki.

Torrak azaldu duenez, Generalitateak trenbide-sarearen 30 kilometro baino gehiago eraiki ditu, metroan eta Ferrocarrilsean; Espainiako Estatuak, ordea, 1978az geroztik ez du Renfeko aldirietako kilometro bat ere abian jarri.

Torraren aburuz, Generalitateak zuen finantziazio falta "arazo estrukturala eta historikoa da", eta "subiranotasun osoko esparru politikorako bidea egiteko argudiorik garrantzitsuenetarikoa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès