Politika -
Presoak
Kalera Kalerak 'ausardia' eskatu dio Sanchezi kartzela politika alda dezan
Milaka pertsona kalera atera dira Donostian, "Espainiako gobernuen urtetako blokeoaren, itsutasun politikoaren eta gizagabetasunaren ostean", PSOEri "ausardia" eskatzeko.
agentziak | erredakzioa
Milaka pertsona elkartu dira gaur Donostian Kalera Kalerak antolatutako manifestazioan, eta Espainiako Gobernuari kartzela politika aldatzeko eskatu diote, eta horrek, Kizkitza Gil de San Vicente plataformaren bozeramailearen arabera, "ausardia exijitzen dio PSOEri".
"Euskal gizarteak horixe exigitzen dio, eta Espainiakoak ere eskertuko liokeela pentsatzen dugu, etorkizunean gizarte bizilagunak izango garelako eta harremana normaltzeko bidean jarri beharko ginatekeelako", adierazi du Gil de San Vicentek manifestazioa abiatu denean.
Marian Beitialarrangotia EH Bilduko diputatua eta Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohia zeuden, besteak beste, aldarrikapen ekitaldian, Kontxako Banderaren amaieran, jai giroan egin duten ekitaldian.
"Bada garaia, presoak kalera" lelopean, Kalera Kaleraren bozeramaileak eta Jon Salaberria ETAko preso ohi eta HBko buruzagi ohiak eraman dute, beste batzuekin batera, manifestazioaren aurreko pankarta Donostia erdigunean zehar.
Gil de San Vicenteren arabera, ETAren amaieraren ostean eta "Espainiako gobernuen urtetako blokeoaren, itsutasun politikoaren eta gizagabetasunaren oondoren", Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuak kartzela politika aldatu beharko luke presoak "lehenbailehen etxera itzul daitezen".
Azpimarratu du "euskal gizartearen gehiengo zabalak" egiten duela bat aldarrikapen horrekin, eta Frantziako Gobernua eredu gisa hartzeko eskatu dio Espainiakoari, hark "konpromisoa hartu eta urratsak egin" dituelako kartzela politikan.