Politika -

Marguello auzia

9 urteko inhabilitazioa ezarri diete Marguellori eta Elorriagari prebarikazioagatik

Maria Nieves Fernandezi zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Auzitegiak "delitua egiteko laguntza" emateagatik. Rafael Cerdan Osasun sailburuorde izandakoa, berriz, libre utzi dute.

Los cuatro acusados en el banquillo. Foto: EFE
Los cuatro acusados por el caso Margüello. Foto: EFE
9 urteko inhabilitazioa ezarri diete Marguellori eta Elorriagari

1:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bederatzi urteko inhabilitazioa ezarri die Jose Carlos Marguello Gurutzeta ospitaleko Kalitate buru ohiari eta Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko Osasun Ordezkaritzako arduradun ohiari, frogatutzat jotzen duelako prebarikazio delitua egon zela.

Maria Nieves Fernandezi zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Auzitegiak "delitua egiteko laguntza" emateagatik. Rafael Cerdan Osasun sailburuorde izandakoa, berriz, libre utzi dute.

Bestalde, lau akusatuak diru publikoak bidegabe erabiltzeko delituagatik eta funtzionario publikoen artean debekatutako negoziazioengatik absolbitu ditu Auzitegiak.

2006tik 2008ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Marguelloren enpresekin sinatutako "bidegabeko" kontratu batzuk daude auziaren oinarrian. Fiskaltzaren arabera, 6,8 milioi euro publiko galdu ziren.

Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eskatua zuen lau auzipetuetako hirurentzat: Marguello, Elorriaga eta Fernandez.

Bizkaiko Auzitegiko magistratuen arabera, Marguellok bi enpresa sortu zituen: Gestion de Servicios Sanitarios XXI eta Rahabilidom. Bi sozietateak Maria Nieves Fernandezen izenean jarri zituen, benetako kudeatzailea bera bazen ere.

"Kontratu publikoak izapideak eta eskatutako baldintzak bete gabe lortzeko sortu zituen enpresa horiek", dio ebazpenak.

Kontratu publikoak eskuratzeko asmoz eman zuen bere izena Fernandezek; izan ere, Marguellok ezingo luke bere izenean dagoen sozietate bat Osakidetzaren lehiaketa publiko batera aurkeztu, Osakidetzako medikua delako.

Iruzurra gauzatzeko, Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko Osasun ordezkariaren laguntza izan zuten Marguellok eta Fernandezek, "printzipio legalak eta objektiboak albo batean utzita", Osakidetzaren kontratuak Gurutzeko Ospitaleko Kalitate buru ohiaren enpresei eman zizkielako.

Epaiaren arabera, Gestion de Servicios Sanitarios XXI sozietateari esleitu zion kontratu bat, "Osasun Orientaziorako Zerbitzuko teknikariek ohartarazi bezala, baldintzak betetzen ez zituela jakin arren".

Rafael Cerdan Osasun sailburuorde ohiak premiazko prozeduraren bidez onartu zuen enpresa horren esleipena, Elorriagak hala proposatuta. Epai-mahaiak dio Cerdanek "arduragabekeriaz eta utzikeriaz" jokatu zuela esleipena sinatuta, baina ez zela gainerako akusatuek osatzen zuten sarearen parte. 2006, 2007 eta 2008 urteetan bi milioi euroko kontratuak lortu zituzten.

Horrez gain, Marguelloren bi enpresek aldi baterako elkartea osatu zuten Indautxuko Klinikan kirurgia eta errehabilitazio zerbitzuak eskaintzeko, 2008an eta 2009an. Esleipen hori ere Elorriagak ahalbidetu zuen, publizitaterik gabeko prozedura baten baitan. 4,8 milioi euroko kontratuak izan ziren.

Gauzak horrela, magistratuek frogatutzat eman dute kontratu publikoak Marguelloren enpresei mesede egiteko asmoz eman zirela, esleipen horietara diru publiko kantitate handiak (6,82 milioi euro bi sozietateen artean) bideratu zirela eta legediari, publizitateari eta lehiakortasunari lotutako printzipioak urratu zirela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak