Politika -

POLEMIKA

Montonen masterreko notetan aldaketak izan zirela baieztatu du Unibertsitateak

Carmen Montonek Kongresuan agerraldia egitea eskatuko du, azalpen guztiak emateko. "Bidegabea izango litzateke kargua utzi behar izatea egin ez dudan zerbaitengatik", adierazi du Osasun ministroak.

Carmen Monton, atzoko agerraldian. Argazkia: EFE.
Carmen Monton, atzoko agerraldian.
Monton ministroak berriz ukatu ditu irregulartasunak

1:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Monton Osasun ministroaren masterraren notetan aldaketak izan zirela baieztatu du Juan Carlos Erregea Unibertsitateak, eta, hori dela eta, "irakasgai guztiak berrikusten" eta "erantzukizunak zehazten" hasi direla esan dute.

Ekainean masterraren ustezko irregulartasunak argitzeko abiatutako ikerketaren harira, Carmen Monton ministroaren zein masterreko gainerako ikasturteko ikasleen notak berrikusten hasi dira, gaur (asteartea) agiri batean Unibertsitateak jakitera eman duenez.

Osasun ministroak bere masterreko irakasgai guztiak ez zituela gainditu argitaratu du astearte honetan eldiario.es egunkari digitalak. Antza, ikaslearen fitxan jasotakoaren arabera, 2011ko ekaineko deialdian ez zuen irakasgai baten azterketa egin, eta "Ez aurkeztua" jarri zioten.

Norbait sartu zen Unibertsitateko fitxategi informatikoan, eta "Ez aurkeztua" kendu eta "Nahikoa" jarri zion

Hedabide horren hitzetan, baina, 2011ko azaroaren 25ean, norbait sartu zen Juan Carlos Erregea Unibertsitateko fitxategi informatikoan, eta "Ez aurkeztua" kendu eta "Nahikoa" jarri zion, ikasturteko aktak itxita egon arren.

Ministroaren hitzetan, urte hartako ekainean master bukaerako lana aurkeztu zuen, baina, eldiario.es-en arabera, une horretan ez zituen irakasgai guztiak gaindituta, eta, beraz, iruzur egin zuen.

Epez kanpo egindako aldaketa horrek azalduko luke zergatik jaso zuen Montonek titulu ofiziala 2012an, "ikasturteko azken irakasgaia urte bukaeran gainditu baitzioten".

eldiario.es-en kaleratu dutenez, aurretik ere aldatu dituzte master baten notak Enrique Alvarez Condek zuzentzen duen institutuan, Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohiaren eta Amalia Calonge funtzionarioaren kasuan irregulartasun bera atzeman baitzuten.

Unibertsitateko institutuan emandako irregulartasunak direla eta zentroa itxita dagoela gogoratu du Unibertsitateak.

Monton: "bidegabea da kargua utzi behar izatea egin ez dudan zerbaitengatik"

Adriana Lastra PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak jakinarazi duenez, Montonek Kongresuan agerraldia egitea eskatuko du, masterrari lotutako ustezko irregulartasunen inguruko azalpenak emateko.

Oposizioko hainbat taldek –Unidos Podemos, Ciudadanos eta PDeCAT- bere agerraldia eskatu ostean iritsi da Montenen erabakia. Gaur bertan erregistratuko du Kongresura joateko eskaria, Lastrak zehaztu duenez.

Lastraren iritzian, Carmen Montonen kasua ezin daiteke Pablo Casado PPko presidentearen masterraren auziarekin alderatu, eta Osasun ministroa beharrezkoak diren azalpen guztiak ematen ari dela eta eskatutako froga guztiak aurkeztu dituela azpimarratu du.

"Argi dago gauza ezberdinak direla. Pablo Casadoren eta Cristina Cifuentesen kasuak ezberdinak dira eta ez dute inolako zerikusirik Monton ministroarena kasuarekin", adierazi du ezberdintasun horiek zeintzuk diren argitu gabe. "Ministroak ez dauka ezer ezkutatzeko", azpimarratu du.

Bien bitartean, Espainiako Gobernuak eta PSOEk publikoki babestu dute Monton, ustezko irregulartasunen harira eskatutako azalpen guztiak ematen ari dela argudiatuta.

Nolanahi ere, Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak ez du ziurtatu Montonek azkenean dimisioa emango ez duenik.

Atzo eskaini zuen prentsaurrekoan, Montonek ukatu egin zuen irregulartasunik izan dela bere masterraren inguruan. Gaur ere hitz egin du: "bidegabea izango litzateke egin ez dudan zerbaitengatik kargua utzi behar izatea, ez bailitzateke erabaki zuzena". Ministroaren hitzetan, ikasturte bukaeran unibertsitateak notak aldatu izana ez da bere erantzukizuna.

Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin eta Carmen Calvo presidenteordearekin "une oro" harremanetan dagoela esan du Montonek Ser irrati katean goizean egindako elkarrizketa batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak