Politika -

'Masterraren auzia'

Cifuentes eroskeria eta faltsutzeagatik ikertuko dute, URJCeko masterra tarteko

Madrilgo presidente izandakoak ekainaren 26an deklaratu beharko du, ikertu gisa, epailearen aurrean.

Agentzia | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Rodriguez-Medel Madrilgo 51. Epaitegiko titularrak ikertu gisa deklaratzera deitu du Cristina Cifuentes Madrilgo Erkigoko presidente ohia (PP). 'Masterraren auzia' ikertzeko ardura duen epaileak ekainaren 26rako deitu du Cifuentes, funtzionario-eroskeria eta dokumentu publikoak faltsutzea egotzita.

Magistratuak dokumentu publikoak faltsutzea eta eroskeria delituak leporatu dizkio, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Prozedura judiziala Salamancako Unibertsitateko katedradunak aurkeztutako salaketa baten ondotik hasi zen eta, gerora, Cristina Cifuentesek ustez aurkeztutako Master Amaierako Lanari buruzko aktaren inguruko salaketa gehitu zitzaion.

Atzo, Carmen Rodriguez-Medel magistratuak ikertu gisa deklarazioa hartu zien Amaia Calongeri, ustez notak aldatu zituen funtzionarioari, eta Cecilia Rosadori, ustez Cifuentesen Master Amaierako Lana aztertu zuen epaimahaiko kideari. Ondoren, Alicia Lopez de los Mozos irakasle eta epaimahai horretako presidentea izatea ukatu zuen pertsonaren bertsioa ezagutu zuen. Haren lekukotza entzun ostean, magistratuak ikertu gisa auziperatzea erabaki zuen, ustez masterrean parte hartu ez zuten ikasleei nota jartzeagatik.

Cifuentesek abokatu batek lagunduta aurkeztu beharko du ekainaren 26an epaitegira. Ikertu gisa deklaratzeko deituta dagoenez, ez du egia esateko obligaziorik izango.

Auzitegi Gorenean epaitua izateko pribilegioa Madrilgo Erkidegoko presidente kargutik dimisioa eman zuenean galdu zuen eta Madrilgo Asanbleako diputatu aktari uko egin zionean, ostera, forudun izateari utzi zion. Cifuentesen hauteskunde programako konpromisoetako bat zen, hain zuzen ere, aforamentuak bertan behera uztea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Ustezko ustelkeria politikoa Albisteak Madril