Politika -
Polemika
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak ukatu egin du Rivera bertan doktoregai denik
Zuzenbide Konstituzionalean doktoretza ikasketak abiatu zituela eta 2002-2003 ikasturtean, sistema zaharrarekin, tesia egiten hasi zela, baina ez zuela bukatu, argitu du aipatu unibertsitateak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Albert Rivera Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoregai ez dela ziurtatu dute unibertsitateko horretako iturriek, nahiz eta Ciudadanosen webgune ofizialean halaxe agertu. "Ikasketak gure unibertsitatean hasi zituen, baina ez da tesia prestatzen ari. Hori dela eta, akats linguistiko bat du curriculumean", azaldu du Virginia Luzon Komunikazio eta Sustapen errektoreordeak.
Hori horrela, Riveraren curriculumeko datua zuzentzeko eskatu diote Ciudadanos alderdiari, "doktoregai hitzak tesia egiteko prozesuan dagoela adierazten duelako, eta informazio hori ez delako zuzena".
Horrekin batera, Luzonek argitu du Zuzenbide Konstituzionalean doktoretza ikasketak abiatu zituela Riverak, eta 2002-2003 ikasturtean, sistema zaharrarekin, tesia egiten hasi zela, baina ez zuela bukatu.
Bolonia Plana ezarri zutenean, sistema zaharra desagertu zen, eta Riverak ez zituen ordura arte egindako kredituak baliozkotu.
"Rivera ez da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoregai", zehaztu du errektoreordeak curriculumean azaltzen dena akats linguistiko bat baino ez dela azpimarratuta.
Ciudadanosen erantzuna
Riveraren curriculumean "doktoregai" hitza azaltzearen alde agertu da Sonia Sierra Ciudadanosen bozeramaile laguntzailea, berba horrek "ikasgaiak hasi zituela, baina tesia ez duela bukatu" adierazten duela argudiatuta.
"Ikerketan lan egiten ez duten ikasleak denbora luzez egon daitezke doktoretza tesia egiten", adierazi du prentsaurrekoan.
Riveraren curriculumak dio Zuzenbidean lizentziaduna dela, master bat daukala eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoregai dela.
Nolanahi dela, Sierrak argi utzi du Diputatuen Kongresuko profilean aldaketa bat egin duela Riverak aste honetan bertan. Hain zuzen ere, masterra daukala gaineratu dio curriculumari: "Beste politikari batzuengatik ezberdintzen du horrek, izan ere, baten batzuek garbiketa egin behar izan dute", esan du.