Politika -
Madrilen
ETAren aurkako 'zero tolerantzia' politika defendatu du Patxi Lopezek
ETA "sekula baino ahulago" dago eta bere amaiera "saihestezina" dela "barneratzen" hasi du, lehendakariak adierazi duenez.
Erredakzioa
Edozein indarkeria motaren aurrean "zero tolerantzia" politika defendatu du gaur Patxi Lopez lehendakariak. Legalizazioa bilatzen ari den ezker abertzalea hizpide izan du lehendakariak. "Orain politika ezin badute egin, ETAren existentziagatik da" eta "beraiek moldatu behar dira legera, eta ez alderantziz", erantsi du.
Lopezen hitzetan, ETA "sekula baino ahulago" dago eta bere amaiera "saihestezina" dela "barneratzen" hasi du.
Madrileko Zientzia Moral eta Politikoen Akademian egin ditu adierazpenak Lopezek. Terrorismoaren aurkako politika "zero tolerantzian oinarritzen" dela errepikatu du agintariak, "batasun demokratikoak fruituak eman dituelako".
Batasunak "politika egiteko bide bakarra dagoela badaki, eta gaur ezin baldin badu politika egin ez da Espainiako Justiziaren erruz, ETAren existentzia soilagatik baizik, eta horrek mugiarazi egiten ditu", lehendakariaren ahotan. "Behin betiko egitea espero dugu, hitzaldi eta elkarrizketetatik ekintzetara pasatzea eta terrorismoarekin loturak haustea behingoz, desager dadin lan eginez", gaineratu du.
Jaurlaritzaren helbururik garrantzitsuenetarikoa "ezberdinen" arteko elkarbizitza eta demokrazia "defendatzea" dela azpimarratu du Lopezek. ETAk hiltzen edo ezker abertzaleak demokrazia mugatua zela esaten zuen bitartean Euskadin "naturaltasunez hitz egin da prozesu demokratikoetaz, baina sekula defizit horiek non dauden eta ze demokraziatan defizitik ez dagoen esan gabe", erantsi du.