Politika -

U-1 MANIFESTAZIOAK

Aske utzi dituzte mossoek Bartzelonan atxilotutako 6 independentistak

Autoritatearen aurkako atentatua leporatu diete eta epaileak deitu zain geratu dira. PPCk eta CUPek Barne kontseilariaren dimisioa eskatu dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoek libre utzi dituzte, epaileak deitu zain, atzo Bartzelonan izan ziren manifestazio kontrajarrien baitan atxilotu zituzten sei pertsonak.

Autoritatearen kontrako atentatua leporatzen diete atxilotuei eta Les Cortseko komisarian izan dituzte aske utzi arte. Atzo arratsaldean kontzentrazioa egin zuten hianbat gaztek komisaria atarian, Arran CUPeko gazte erakundeak deituta.

Quim Torra Generalitateko presidenteak atzo gauean telebistan egin zioten elkarrizketa batean aurreratu zuen jada bi pertsona aske utzi zituztela, eta ondorengo orduetan geratu dira libre beste laurak Mossoek jakitera eman dutenez.

Bi manifestazio kontrajarri

Bi manifestazio kontrajarri bizi izan ziren atzo Batzelonan. Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 3.000 poliziak hartu zuten parte U-1eko erreferendumean izan zuten papera erreibindikatzeko egindako manifestazioan, eta 6.000 independentistak, berriz, erreferenduma eta egun hartako emaitza aldarrikatzek egindakoan. Tentsio handiko uneak bizi izan ziren eta Esquadra Mossoek 6 independentista atxilotu zituzten. 24 pertsona zauritu ziren, gainera.

Bi manifestazioek ez zuten bat egin mossoak tartean izan zirelako une oro, independentistak poliziengana irits ez zitezen. Jusapol elkarteak deitu zuen manifestazioa soldata hobeak eskatzeko eta 2017ko urriaren 1eko erreferenduma egin ez zedin lanean aritu ziren poliziak omentzeko.

Manifestazio hori "probokaziotzat" jo zuen hasieratik independentismoak eta hainbat lagun eurengana iristen saiatu ziren, martxa boikoteatzeko asmotan. Eguerdian izan ziren lehen kargak, bi manifestazioak Via Laietanen, elkarrengandik oso gertu, topatu zirenean. Arranek, CUPen gazte taldeak, 'Holi Festival' koloretsua deituta zeukan "inoiz baimendu behar ez zuten manifestazio faxista honen aurka" eta koloretako margoa botatzeko asmoa zuten polizien manifestazio hasieran; baina ibilbidean aurrera egingo ez zutela ikusita, mossoei bota zizkieten koloretako hautsak. Ondoren, kargatu egin zuten horiek. Plaza Catalunyan izan ziren azken kargak; han amaitu zen polizien martxa eta ehunka independentista hurbildu ziren bertara.

PPCk eta CUPek Barne kontseilariaren dimisioa eskatu dute atzokoagatik, baina arrazoi ezberdinegatik. Quim Torra presidenteak aurreratu du "inork ez" duela dimitituko.

Miquel Buchek ukatu egin ditu kargak

Miquel Buch Barne kontseilariak, baina, ukatu egin ditu kargak. Agenteek "hesi polizialei eustea" besterik ez zutela egin esan du.

RAC1en egin dioten elkarrizketa batean, kontseilariak onartu du, hala ere, atzokoaren ostean "guztiok autokritika egin behar dugula" eta CUPi "indarkeriaren alde egiten al duen" argitzeko eskatu dio, "esteladadun pertsona batzuk ezberdin pentsatzen dutenei jotzen aritzea ezin  baitugu onartu. Horrelako irudirik gabe iritsi gara honaino, ostiralera arte" esan du.

Colauk Buch kritikatu du kargak ukatzeagatik

Ada Colau Bartzelonako alkateak azalpenak eskatu dizkio Buch kontseilariari atzo Mossoek izan zuten jarreraz eta oso kezkatuta agertu da Barne kontseilariak "errealitatea ukatzen duelako": "Kontseilariaren azalpenak ez dira batere egokiak eta kezka sortzen dute, bera baita herritarren segurtasunaren arduradun nagusia. Bartzelonan narkotrafikoaren eta gaizkileen kontra polizia gehiago behar dela ikusten ez duen bitartean, errealitatea ukatu eta atzo ez zirela kargak izan esaten ari da, guztiok telebistan eta sare sozialetan ikusi ditugunean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak