Politika -

U-1aren urteurrena

Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Kataluniako Errepublikaren alde

Euskal Herrian prozesu subiranista bat abiarazteko eta Kataluniarekin batera Estatuari aurre egiteko estrategia komun bat lantzeko unea dela esan du Independentistak sareak.

Bilbon egindako bilkura. Argazkia: Independentistak sarea
Bilbon egindako bilkura. Argazkia: Independentistak sarea
Bilbon egindako bilkura. Argazkia: Independentistak sarea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun atera dira kalera Euskal Herrian Kataluniako Errepublikaren alde eta espetxean eta erbestean dauden politikari independentistak aska ditzatela eskatzeko.

Kataluniako erreferendumaren lehen urteurrena dela eta, Independentistak sareak elkarretaratzeak deitu ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Bilkura guztietan, ikurrinak, Kataluniako bandera independentistak, Errepublikaren aldeko leloak edo preso politikoak askatzea galdegiten duten kartelak izan dira.

Bilbon, Arriaga plazan egindako elkarretaratzean, 200 bat lagun izan dira. Duela urtebete, Kataluniako prozesu independentistak "urrats handia" eman zuela eta, "Estatu espainiarraren errepresio basatiari aurre eginez", herritarrak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gai izan zirela azpimarratu dute amaieran irakurritako adierazpenean.

Donostian, Gasteizen eta Iruñean ere, ehunka lagun elkartu dira. Donostian, esaterako, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak hartu du hitza.

Ariznabarretak esan du Kataluniari "laguntzeko modurik onena" Euskal Herrira begiratzea dela, "hemen ere Kataluniak beste dugulako jokoan".

"Euskal Herrian prozesu subiranista bat abiarazteko eta Kataluniarekin batera Estatuaren errepresioari eta autoritarismoari aurre egiteko estrategia komun bat lantzeko unea dela uste dugu", nabarmendu du.

Bego Olaizola Kataluniako Asanblea Nazionalak Euskal Herrian duen ordezkariak adierazi du Generalitateak erreferendumeko "mandatua bete" egin behar duela, eta gogoratu du mandatu hura joan den abenduko hauteskundeetan berretsi zutela herritarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bilbo Donostia Iruñea Kataluniako erreferenduma Gizartea bideoak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Kataluniako prozesua zuzenean